Durangoko udalbatzak etxebizitzaren auziaz eztabaidatu du

E.H. 2026ko apirilaren 30a

EH Bilduk hala eskatuta, zinegotziek ezohiko osoko bilkura egin zuten atzo. 

Durangoko udalbatzak ezohiko osoko bilkura egin zuen atzo, EH Bilduk hala eskatuta. Talde subiranistak etxebizitza larrialdiari aurre egiteko bederatzi neurri proposatu zizkien gainerako ordezkariei. Tartean, etxebizitza hutsak mugitzeko dekretu bat martxan ipintzea, udalaren jabetzako etxebizitza kopurua bikoiztea eta San Agustineko ospitale zaharrean zuzkidura etxebizitzak eraikitzea. "Etxebizitza larrialdian gaudela onartzen badugu -eta alderdi guztiek horrela adierazi dugu- neurri bereziak eta ezohikoak hartzea da gure betebeharra", esan zuen koalizioak. Herriaren Eskubideak lau neurri gehitu zizkion proposamen horri: besteak beste, etorkizunean eraikiko liratekeen etxebizitzen % 2 dotazionalak izatea eta etxebeak bizileku bihurtzen diren kasuetan, hortik baturiko dirua alokairurako etxebizitzako erosteko erabiltzea proposatu zuten independenteek. 

Alabaina, gobernu taldearen iritziz, "EH Bilduk planteatutako neurri asko dagoeneko jasota daude Durangoko Etxebizitza Planean", eta ,horrenbestez, "zentzugabea" iritzi dio "bere garaian onartu zena berresteari". (Durangoko Udalak martxoan onartu zuten Etxebizitza Plana, EAJren, PSE-EEren eta PPren babesarekin. EH Bildu abstenitu egin zen, eta Herriaren Eskubideak ez zuen bozketan parte hartu)

Kritikak batak besteari

EH Bilduren arabera, udal gobernuak bederatzi proposamenetatik hiru onartu dituen arren, "ez da nahikoa", eta jeltzaleengana zuzendu dute kritika "epel eta berandu" jokatu dutelakoan: "EAJk neurri batzuk ontzat eman zituela hasiera batean, baina PPren kritiken ostean iritzia aldatu eta neurriak alde batera utzi dituela, etxe hutsei aplikatzen zaien Higiezinen zergaren igoera kasu", kritikatu dute.

Udal gobernu taldeko kideek ere kritikak egin dizkiete subiranistei. Osoko bilkura "era alderdikoian" erabiltzea leporatu diote, ezohiko osoko bilkurak "berritasunik ez" zekarrela iritzita. "Horrelako deialdiak estrategia baino ez dira, marketin kanpaina, eta ez die Durangoko arazoei benetako irtenbiderik ematen", kritikatu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!