Euskararen erabilera sustatzeko zikloa maiatzean, Durangoko gurasoentzat

E.H. 2026ko apirilaren 28a

Durangoko Udalak berbaldi ziklo bat antolatu du gurasoentzat, euskararen erabilera sustatzeko. Saioetako batzuk euskara ulertzen dutenenentzako izango dira, eta beste batzuk hizkuntza ulertzen ez dutenentzako. Azken horiek gaztelaniaz jarraitu ahalko dituzte saiook. Zikloa maiatzeko astelehenetan egingo dute, lau saiotan.

Lehenengo saioa maiatzaren 4an egingo dute Gure seme-alabei euskararekin eta hizkuntza ohiturekin laguntzeko erronka izenburupean. Bertan, eskolak euskararen transmisioan dituen mugak aztertzeaz gainera, familiek seme-alaben euskararen erabilera sustatzeko izan dezaketen eginkizuna aztertuko dute. Era berean, gaztelaniazko taldeak Disfrutando con los idiomas saioa egingo du, euskara ikastearen garrantziaz eta gurasoek prozesu horretan duten eraginaz jarduteko.

Hurrengo saioak honako hauek izango dira: maiatzaren 11n, Euskara sustatzeko baliabideak eta ¿Cómo ayudar con las tareas escolares si no sé euskera?. Maiatzaren 18an, Ipuina, euskaraz gozatzeko tresna saioa eskainiko dute euskaraz, eta Impulsando la presencia del euskera en casa con cuentos gaztelaniaz. Azkenik, maiatzaren 25ean, Opor kutxa saioa eskainiko dute, ziklo osoan zehar landutako baliabideak, tresnak eta dinamikak batzeko eta zalantzak argitzeko. Gaztelaniazko saioan euskarazko hizkuntza-joko errazak proposatuko dituzte, oporretan erabiltzeko.

Saio guztiak Durangoko Udal Euskaltegian eskainiko dituzte 17:30etik 19:30era. Intresesdunek apirilaren 29ra bitarte egin dezakete izen-ematea lotura honetan. Durangoko Udalak euskara sustatzeko konpromisoa berretsi du "familiei euskara eguneroko bizitzan modu naturalean integratzeko tresna zehatzak" eskainita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!