Euskal Herria Bilduk ekitaldia egin du gaur Durangoko Kurutzesantu museoan, Bat Egin Egunaren harira. Bertan izan da, besteak beste, Arkaitz Rodriguez legebiltzarkidea. Ordezkari politikoak nazioarteko egoerari erreparatu dio, eta azpimarratu du "garai nahasi hauen aurrean" EH Bilduk "ziurtasunak" eskaintzen dituela. Halaber, "inperialismoaren eta gerraren kontra" lan egingo duela esan du koalizioak.
Euskal Herriari dagokionez, lurraldeak "EH Bilduk defendatzen dituen balioen geroago eta antz handiagoa" daukala iritzi dio Rodriguezek, Euskal Herria "geroago eta euskaldunagoa, feministagoa eta sozialistagoa" delakoan. Estatus politikoari buruz ere egin du berba: Euskal Herriak "datozen erronkei aurre egiteko tresnak" beharko dituela esan du, eta, horren harira, "ezinbestekotzat" jo du "herri honen oinarrizko kanpamendua igotzea". Era berean, "esperantzarako tartea" dagoela esan du, "New Yorken ezkerreko alkateak irabazi" duen bezala eta Irlandan "presidente independentistak" dauden bezala. Euskal Herrian "gizarte justuagoa posible" dela iritzi dio.
Ekitaldian Ekaitz Anduezak ere hartu du berba, Durangoko EH Bilduko arduradunak. Anduezak udalerriko erronkak zerrendatu ditu: "Etxebizitza, Zaintza eta Trantsizio energetikoa", besteak beste. "Proposamen zehatz" horiek landuta dituela-eta, Durangoko EH Bilduk esan du "prest" dagoela "datozen eraldaketen aurrean lidergoa hartzeko".