Itzartu eta segituan Korrika nondik dabilen begiratzen duzun horietarikoa zara?
Egia esateko, beti jarraitzen dut dezente, eta azken urteotan zuzeneko, Youtube eta sare sozialei eskerrak oraindino gehiago. Ezagunen bat dagoela dakidalako edo nondik dabilen ikusteko begiratzen dut, jakin-minez batez ere. Sare sozialetan AEKri eta Korrikari jarraitzen diet, eta, beraz, zeozer publikatzen dutenetan ikusi egiten dut. Asteburu honetan ere ikusiko dut, jakina.
Durangaldera ailegatu arte Korrikan inon parte hartu barik eutsi diozu?
Zapatura arte ikusi barik geratuko naizela esango nuke. Internet bidez baino ez dut ikusi aurten. Beste batzuetan, bai, joan naiz norabaitera ikustera, baina aurten ez. Asteburuan Durangora heltzen denean parte hartuko dut, eta domekan badugu Bilbora joateko asmoa, baina ez dakit.
Arraro samarra da hain amaieran batzea Korrikara.
Bai. Beste urte batzuetan herritik pasatu eta gero ere izan dugu aukera beste norabaitera autobusean joateko. Aurten dena amaieran egitea egokitu zaigu: Korrika eskualdera ailegatzea eta amaierako jaira joatea.
Korrika batzordekoek egitarau berezia prestatu duzue zapaturako?
Korrika ordu txikietan helduko denez, egitarauak herria girotzen lagunduko duela pentsatu dugu, bakoitza bere munduan Korrika noiz helduko zain egon beharrean. Elkarregaz egoteko gune batzuk egongo dira, eta hori ondo dago: afaria egongo da, erromeria, eta zumba ikastaroak ere bai. Eta arratsaldean kale animazioa ere egongo da. Igarriko da ez dela egun arrunt bat izango. Berandu izatera, ondo dago heldu arteko ordu horiek elkarregaz pasatu ahal izatea.
Azken urteetan nahiko ordu deserosoetan igaro da.
Bai, aurreko edizioetan goizaldean igaro izan da, eta ozta-ozta batu izan da jendea korrika egitera, tarte batzuetan behintzat. Aurten zapatua izanik, giro ederra egongo da.
Jendetzak parte hartuko duela aurreikusten da.
Euria ei dator, baina asteburua izanik eta Korrikako azken txanpa gainera... Umeak ere oporretan daude. Esango nuke jende asko egongo dala, eta gogotsu, gainera.
Euskara baztertuago dagoen eremuetan ibili da Korrika hasieran. Irudiak ikusita, euskalgintzak babesa igarriko du.
Geroago eta jende gehiagok parte hartu du azken urteotan. Korrikak erakusten du geroago eta jende gehiago dagoela euskararen alde, eta hori oso ona da. Baina ez da horretan bakarrik geratu behar. Jende asko dago euskararen alde, bai, baina euskaraz berba egiten duen jende gehiago behar da. Sozialki ere garrantzitsua da hori. Mundu guztiak egon gura du, tamaina honetako ekimen edo mobilizazio sozialik ez dagoelako.
Durangoko Euskal Herrian Euskaraz protagonista izan zen azken urteetako argazkirik koloretsuenetariko batean. Aurtengo edizioan ere egongo da sorpresarik?
Gaua izanda gatxagoa da, baina badugu zeozer pentsatuta. Gure kilometroa daukagu, eta beti ahalegintzen gara zeozer deigarria egiten. Aurrekoan punk jantzita joan ginen, adibidez.