"Orain artekoa ikusita, Korrika mundiala izango da"

M.Z. 2026ko martxoaren 26a

Ziortza Aldekoa-Otalora, Mertxe Mugika, Miren Iturriagaetxebarria, Esther Garitaonandia, Ane Abanzabalegi eta Amaia Sarrionandia.

Korrikaren antolakuntza herririk herri eta auzorik auzo saretzen da. Durangaldeko AEKko kideak dira hari horiek guztiak josten dituzten pertsonak. Korrika Durangaldera heltzeko ordu batzuen faltan, zurrunbilo betean sartuta daude.

Hasteko eta behin, zelan doa Korrikaren prestaketa?
Aspaldi hasi genuen prestaketa, baina, egia esanda, honek ez du etenik. Korrika bat amaitzean, balantzea egin eta ia segituan hurrengo Korrika prestatzen hasten gara; beraz, beroketa lanak eginda dauzkagu. Lanik mardulena eginda daukagu: herriak antolatu, eragileen ekarpenak kudeatu, lekukoa nork eta non hartu erabaki, kultur egitarauak eta Korrika txikiak antolatu... Lanik gogorrena eta estresagarriena da hori, baina esker onekoa ere bai, herriaren inplikazioa eta babesa sentitzen ditugulako. Beraz, dena ondo doa eta furgonetaren argiak ikusteko irrikan gaude. Kanpotik festa handi bat legez ikusten da, eta festa handi bat da izan, baina atzean lan handia dago.

Zelakoa da Korrika antolatzea eskualdean?
Euskaltegia daukagun herrietan (Durango, Elorrio eta Zornotza), jendeak badu erreferente bat, eta errazago etortzen da gugana. Horrek erraztu egiten du antolaketa. Gainerako herrietan beti daukagu konplizeren bat: bertakoa den edo bertan bizi den irakaslea, udaleko teknikaria, ikaslea edo ikasle izandakoa... Horien guztien laguntzarik barik gure lana askoz ere gatxagoa eta gogorragoa izango litzateke. Beraz, eskerrik asko denei. Korrika antolatzeko, herrietan batzordeak sortzen ditugu. Deialdi zabala egiten dugu eta normalean jendeak ondo erantzuten du. Euskaltegirik ez dugun herrietan oso garrantzitsua da batzordeak eratzea, ez delako berdina herria dinamizatzen dabilena kanpotarra edo bertakoa izatea. Gu hor gaude, baina bertakoen laguntza ezinbestekoa da. Ibilbidea markatzen laguntzen digute, lekuko eramaileak bilatzen, herrietako ekintzak antolatzen, korrika txikiak egiten, materiala saltzen... Herriak antolatu du beti Korrika, auzolanean, eta aurrerantzean ere horrela izango da. Ezin dugu beste era batera irudikatu.

Zelan bizi dituzue Korrikaren aurreko egunak?
Aste batzuk lehenago, amaitzeko desiratzen, eta hasiera eguna hurbildu ahala gauzak egiteko denbora falta dugun sentsazioagaz. Gauza asko eginda egoten da, baina beste asko ez. Sentimenduak nahasita izaten ditugu: urduritasuna, ardura, egonezina, nekea, poza, ilusioa, gogoa, negarra... Bua! "Mendi errusiarrean" legez egoten gara, baina denok furgonetaren argien zain.

Zeintzuk dira zuen eguneroko lanak Korrika gerturatzen dabilenean? Zelan banatzen dituzue ardurak?
Korrika pasatzen den herri bakoitzean, gutxienez arduradun bat daukagu, AEKko kidea. Beraz, pertsona hori herri horretako zereginak kudeatzeaz arduratuko da. Horrez gainera, eskualdeko arduraduna dago. Arduradun horrek herrietako koordinazioa bermatzen du, herrialdetik zein nazionaletik datozen lanak eta berriak partekatzen ditu eta Korrikari eskualdeko ikuspuntua ematen dio, herri bakoitzaren autonomia kontuan hartuta eta denon arteko elkarlana bermatuta. Kide horiek daukate ardura nagusia, baina ardura txikiak gainerako irakasleekin ere banatzen ditugu: arropa salmenta, Korrika denda, zenbagailuak txukundu, ibilbidea markatu, kartelak ipini... Egitekoak agertu ahala, arduradunon artean antolatzen ditugu eta lanak banatzen ditugu.

Zenbat urte daramatzazue lan hau egiten?
Durangaldeko batzordea osatzen dugun gehienok 30 urte baino gehiago daramatzagu AEKn; beraz, atera kontuak. AEKn hasi orduko ere, gure herrietako batzordeetan parte hartzen genuen; ondorioz, ondo ezagutzen dugu Korrikaren makineria. Korrikak oso babes gutxi jasotzen zuen garaikoak gara. Instituzioek lepoa ematen ziguten orduan, eta herriaren babesagaitik izan ez balitz ez ginen helduko gaur gauden lekura.

Bakoitzak zer lan egiten duzue?
Eskualdeko herrietako ardura gure artean banatuta daukagu. Gutariko batek ardura orokorra dauka eta koordinazioaz harago unean uneko beharrak egiten ditugu.

Eta beti ibili izan zarete herri mailan erantzuten? Ala furgonetan ere bizi izan duzue Korrika?
Hemen gaudenok, Mertxek izan ezik, eskualdean bizi izan dugu beti Korrika. Mertxek, AEKren koordinatzaile izan denez, beste ikuspegi batetik ikusi du; esan dezakegu tripak sakonetik ezagutu dituela. Besteok eskualdean lan egin dugu. Korrikari dagokionez, aurreko kotxean joan izan gara inoiz, eta Durangaldeko AEKko irakasle batzuk furgonetan ere ibili dira 10 bat egunez. Eurei ere egin behar zeniekete elkarrizketa.

Aurten furgonetan ikusiko zaituztegu?
Auskalo, baina gure kide bat bai, esataria izango da eta. Azken aldietan, Korrika eskualdean ibili den artean, Irati eta Miren ibili dira animatzaile, mikroa eskuan. Oraingoan ez dugu erabaki nor joango den; gutariko bat, akaso. Furgonetan ez bada, aurreko kotxean joango gara Korrikari bidea erakusten.

Badago bereziki hunkitzen zaituzten momenturik?
Herrian, Korrika datorrela igartzen denean lehenengo zirrara sentitzen da: klaxon hotsa, urrutiko oihuak, badator-badator... Furgoneta ikustean, bere atzeko tropela agertzen denean, orduan zirrara eta urduritasuna malko bihurtzen dira. Horixe da unerik hunkigarriena. Hasiera eta amaiera ere oso bereziak dira. Hor ere emozioen koktela agertzen da.

Aurten, Korrika zapatu gauean pasatuko da eskualdetik. Zelako erantzuna izango duela uste duzue?
Orain artekoa ikusita, mundiala izango da! Goizaldeko orduetan pasatu arren, lagun mordoa agertu zaigu lekukoa eramateko prest. Horrek pista ematen digu kalera jende asko irtengo dela aurreikusteko. Ez da goizaldean pasatzen den lehenengo aldia, eta azken gaua ere behin baino gehiagotan tokatu zaigu. Durangaldearen erantzuna betikoa izango da, beroa.

Zer esango zeniekete herritarrei?
Korrika ez da lasterketa bat. Korrikak Euskal Herri osoa zeharkatzen du euskara azken txokoraino eramateko. Aturritik Ebroraino EUSKARA GARA eta hori da Korrika, aldarri horren eramaile. Beraz, Durangaldeko herritarrei eskatzen diegu mezua jaso eta zabaldu dezatela. Etorri Korrikara, etorri euskarara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!