Zeintzuk dira jaialdia antolatzeko arrazoiak?
Kattalin Barcena: Euskal Herriko musikariak Palestinaren aldeko ekimenak eta adierazpenak egiten zebiltzan, eta musikarien partetik zeozer antolatzeko aukera ikusten genuen. Palestinarekin Elkartasuna dinamikagaz hartu-emanetan ipini ginen eta bion artean antolatu dugu jaialdia. Alde batetik, Palestinaren aldeko mezua zabaltzen jarraitzeko beharrizana ikusten genuen, bake itun faltsuaren atzean Palestinak genozidioa jasaten jarraitzen duelako Israelen partetik. Bestetik, Euskal Herriko eragileek errepresioa jasaten dabiltza Palestinaren aldeko borroka honetan, isunen bitartez adibidez, eta honelako jaialdi batek eurei ekonomikoki laguntzeko balio zezakeela pentsatu genuen.
Mario Telletxea: Isunen eta auzipetuen kopurua asko handitu da Palestinaren aldeko mobilizazioetan parte hartzeagaitik. Kasurako, Vueltako boikot ekintzen harira. Errepresio mota horren bitartez, Palestinagazko elkartasuna desmobilizatzen ahalegintzen dabiltza. Faktore bik erakusten dute hori: batetik, hedabideetan geroago eta gutxiago agertzen da Palestinaren gaia, eta, bestetik, mobilizazioak erreprimitzen dabiltza. Jaialdian lorturiko etekinek isunak eta zigor judizialak arintzeko ere balioko dute.
25 talde baino gehiago batuko dira. Itxaroten zenuten horrelako erantzuna?
K.B.: Euskal Herriko musikari askok oso ondo erantzun dute eta benetan poztekoa da. Karteleko talde guztiek lehenengoan esan zuten baietz, eta gerora gehiagok batu gura izan dute, baina ezin ditugu denak hartu, denbora eta azpiegitura kontuak tarteko. Baina musikari askok agertokian ez ezik antolakuntzan ere lagunduko digute, eta hori oso polita da. Dena behar den moduan irteteko, Euskal Herriko jende asko egongo da egunean zehar lanean: musikariak, gaztetxeetako jendea…
M.T.: Jaialdia Durangon denez, herriko eta Durangaldeko jende asko ere inplikatu da ekimena aurrera ateratzeko. Hainbat eragile eta taldegaz laguntza sarea osatu da ekimena antolatzeko, eta zabalkundean eta antolaketan lan egiteko.
Zer aurkituko du jaialdira datorrenak?
K.B.: Ekimena 11:00etan hasiko da. Egun osoan ordu erdiko musika kontzertuak egongo dira, agertoki bitan banatuta. Tartean, beste mota bateko ekitaldiak ere egongo dira; bertsolariak, bakarrizketa saioak, dantza… Janaria ere egongo da, eta gune zabal bat jateko.
M.T.: Egunari beste izaera bat ere eman gura diogunez, aldarrikapenerako tartea ere egongo da.
Kattalin, zu J Martina taldeko kidea zara. Denboraldi bat daramazue kontzerturik jo barik. Zelan heltzen diozue jaialdi honetan emango duzuen kontzertuari?
K.B.: Taldean atseden luze bat hartu dugu, baina iruditzen zitzaigun oso une inportantea dela musikariok artista legez dugun konpromisoa erakusteko. Musikaren eta artista konprometituen alde apustu egiteko modua zela ikusten genuen, euren mundua, gizartea eta ingurua kontuan hartzen dituzten horien alde. Geure burua horretan ikusten genuen eta oso gogotsu hartu dugu proposamena.
Zelan eskuratu daitezke sarrerak?
K.B.: Aurrez aurreko salmenta epea amaitu da. Sarrerak Interneten eskuratu daitezke, oihubatpalestinara.eus webgunearen bitartez. 15 edo 25 euroko ekarpena egin daiteke, bakoitzak ahal duenaren arabera.
|
EKIMENEKO INFORMAZIOA Ekimena zapatuan izango da, Landako Gunean. 11:00etan hasiko da. • Musikariak: Ahmed & Nur, Anari, Belako, Bengo, Borla, Chuleria joder!, Dena, Ezezez, Eire, La Furia, Gailu, Hofe, Ibilbedi, J Martina, Ke Lepo, Kiliki, Lukiek, Malakias, Maruxak, Merina Gris, Mursego, Naxker, Nize, Odei, Olatz Salvador, Silitia eta Mateo Zikuta & Calie. • Beste batzuk: Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus eta Txaber Altube bertsolariak. Antton Telleriaren eta Asier K-ren bakarrizketa saioak. Nabiga Kolektiboaren dantza ikuskizuna. |