EH Bildu etorkizun desiragarriak eraikitzeko tresna

Anboto 2026ko martxoaren 16a

Garai nahasiak bizi ditugu. EH Bilduk nola ikusten du gaur egungo egoera?
Garai nahasiak dira, bai. Munduko ordena hankaz gora dago eta orain arte, modu prekarioan bada ere, mantendu den nazioarteko zuzenbidea erabat hautsi da. Guk argi dugu herrien burujabetzan dagoela etorkizuna. Herri txiki bat gara eta gure gaitasun guztiak beharko ditugu. EH Bildu Euskal Herriarentzat etorkizun desiragarria eraikitzeko tresna eraginkorra dela uste dugu.

Faxismoaren gorakadaz asko hitz egin da azkenaldian. Zein iritzi duzu?
Kezkaz bizi dut. Hainbat borroka askatzailetan parte hartu dut nire bizitzan zehar eta irabazi ditugun eskubideak arriskuan ikusteak amorratu egiten nau. Gainera, ezin dugu ahaztu Durangon bizitakoa. Martxoaren 31ko bonbardaketa faxismoaren adibide gordinenetako bat da. Uste dut memoria historikoa garrantzitsua dela horrelako basakeriak ez errepikatzeko. Eremu honetan Gerediaga eta Durango 1936 elkarteek egiten duten lana goraipatu nahi dut.

Inguruan nabaritzen duzu balio atzerakoein gorakada hori?
Ez dakit zer esan. Diskurtso batzuetan bai, eta tendentzia kezkagarri batzuk ikusten ditut, baina kontrakoa ere bai. Joan den igandean, adibidez, emakumeon egunean, milaka pertsona atera ginen kalera feminismoa aldarrikatzera. Indar erakustaldi hauek esperantzarako bidea irekitzen dute. Uste dut Euskal Herrian badagoela gaitasuna eskubideetan aurrera egiteko. Datorren astean ere Euskal Herriko gehiengo sindikalak grebara deitu du gutxieneko soldata igotzearen alde. Horrelako adibideek esperantza ematen dute. Gizarte justuago bat eraikitzen jarraitzea da indar atzerakoiei aurre egiteko modurik onena, eta, zorionez, herri honetan asko gara bide horretan lanean gabiltzanak.

Durangora etorrita, eta udalera zehazki, aurrekontuak onartzeko prozesua pasatu berri da. Hainbat ekarpen egin dituzue. Nola joan da?
Une honetan, zoritxarrez, ez gaude gobernuan eta de facto EAJ, PSE eta PPren artean gobernatzen dute. Beraien artean adosten dute dena, aurrekontuak ere bai. Hala ere, ez diogu gure ardura politikoari izkin egiten. Botorik gehin jaso zuen indar politikoa izan zen gurea eta aurrekontu hauetan ere hainbat proposamen egin ditugu.

Lau ardatz estrategikoren arabera antolatu ditugu udalak egin behar dituen apustuak: etxebizitza, zaintza, trantsizio ekosoziala eta kirola. Alor bakoitzean aurrekontuetarako ekarpen konkretuak aurkeztu ditugu, guztiak egingarriak.

Etxebizitzaren inguruan egin dituzue ekarpen handienak.
Etxebizitza da durangarren kezka nagusietako bat, eta normala da. 2.099 pertsona daude Etxebiden izena emanda, alokairu eskaintzarik ia ez dago eta dagoena oso garestia da. Bitartean, 1.405 etxe huts daude Durangon.

Parke publikoa handitzea eta etxebizitza hutsak mobilizatzea dira gakoak. Parke publikoa handitzeko, 2.000.000€-ko partida proposatu dugu aurrekontuetan. Udalaren egoera ekonomikoa ona da eta tamainako inbertsioa egin daiteke. Bestetik, etxe hutsak mobilizatzeko, udalak paper aktiboa izan behar du eta etxe jabeekin prozesu bat abiatu beraien etxebizitzak alokairu babestuan ateratzeko. Prozesu honen emaitzak beste udalerri batzuetan ikusi ahal izan ditugu; Azpeitian eta Bilbon, adibidez, eta gure proposamenarekin Durangon 300 etxe huts mobilizatzeko gaitasuna izango genuke. Tresnak badaude, borondatea falta da.

Prentsa ohar batean, “etxebizitza plan bat” abiatuko dutela esan du Udal Gobernuak.
Urteak daramatzate etxebizitzaren harira hitz politak esaten, argazkiak ateratzen. Aipatu duzun ohar horretan bertan ez dute ia neurri konkreturik mahai gainean jartzen. EH Bilduk 10 neurri konkretu proposatu zituen, hemen eta orain martxan jartzeko, baina oraingoz udalaren partetik ez dugu borondate politikorik ikusten. PSEk Jaurlaritzaren gain uzten du ardura guztia eta EAJk ez du borondaterik hona ekarri gaituzten politikak aldatzeko. Etxebizitzaren gaian ere, nahiago dute PPrekin adostu EH Bildurekin baino. Guk proposamenak egiten eta fokua etxebizitza eskubidean jartzen jarraituko dugu.

Durangoko Udalak atxilotutako pertsonen jatorriaren datua emango duela zabaldu zen orain egun batzuk eta ika-mika piztu da. Zer gertatu da?
Delituak egiten dituzten pertsonen jatorriari buruzko datuak emateko irizpidea jaso dute EAJtik. Honek dakarren guztiarekin. Guk argi dugu datu hau emateak arrisku nabarmenak dakartzala elkarbizitzarako, eta horrelako erabakiek kolektibo zaurgarrien seinalamendua, bazterkeria eta xenofobia hauspotzen dituztela. EAJ eta PSEren artean desadostasunak izan dituzte baina PP pozik egongo da. Durangoko udalean bizikidetza eta segurtasuna lantzeko mahai bat osatu zen, baina ez dugu aukerarik izan gai hau lantzeko. Erabaki honen berri prentsan izan dugu.

Badaude gai batzuk azken urteetan eztabaidaren erdigunean egon direnak, trenaren lurren kontua adibidez, PERI Ferrocarril bezala ezagutzen duguna. Nola dago gaur egun?
Honen inguruan ere gobernuak informazio gutxi eman du orain arte. Aurreko legegintzaldian EH Bilduren gobernuak egindako lana bertan behera utzi dute. Berriz ere zerotik abiatu dute bidea eta honek atzerapen handia ekarri du. Aurreko legegintzaldian dorreen proiektua baztertu genuen parke handi bat egiteko, galdeketan jasotako mandatu demokratikoari bide emanez. Orain berriz ere kezka sortu da etxeen altueraren eta kokapenaren inguruan. 12 pisuko altuerako eraikinak egin nahi dituzte, eta berdegunea irentsiko duen osasungintzara bideratutako eraikin handi bat.

Errespetuz diogu, baina uste dugu beste seriotasun batekin jardun behar dela Durangoren etorkizuna baldintzatuko duten erabakiekin. Tren estazioaren proiektuarekin irakaspenak atera zituztelakoan geunden, baina, berriz ere, zerbitzuetan baino gehiago eraikinetan jartzen dute arreta. Kezkatuta gaude atzera-bueltarik ez duten erabakiak hartu daitezkeelako, Durangoko erdigunea kondenatuko dutenak. Garantzitsua izango da, nekeza den arren, berriz ere erabaki hauek hartzerako orduan zabalduko diren prozesu parte hartzaileetan inplikatzea.

Eta Plateruena?
Hau ere behar baino gehiago luzatzen ari da. Proiektu bat badago eraikina berrizteko. Ados gaude eraikina berriztearekin, eta denborak azkartzen saiatuko gara ahal bezain beste. Gero kudeaketan egongo da gakoa. Bide bat jarri genuen martxan Plateruenak euskara eta kultura bultzatzeko espazio izaten segi dezan. Baina bide horrek ez du jarraipenik izan gobernu honen partetik eta gaur egun eraikin huts bat da. Eraikina berrituko da, hori ziur, baina kontua da jatorrian izan zituen helburu eta balioak mantentzeko apustua egingo den edo ez.

Eta bukatzeko, zu nola zaude? Une honetan Parlamentuan eta Durangoko Udalean zaude. Aurrera begira, non irudikatzen duzu zeure burua?
Gogotsu nago, egia esan. Azken urteetan gero eta proiektu sendoagoa dugula uste dut. Hori nabaritzen dut, bai lanean eta baita jendeak gugan jartzen duen konfiantzan ere. Gainera, nire inguruan gaitasun handiko jende asko dago, konpromiso handiz ari dena, eta horrek ere indarra ematen du egunerokoan. Politikan lan kolektibo horrek ematen dio benetako zentzua egiten dugunari.

Pertsonalki gustura nago lanean, bai Gasteizen eta baita Durangon ere. Bi eremu oso desberdin dira, baina aldi berean osagarriak. Parlamentuan ikuspegi zabalago batetik lan egiteko aukera daukat, herri osoari eragiten dioten gaiak lantzeko; eta Durangon, berriz, gertutasun handiagoz bizi dut egunerokoa, jendearekin harreman zuzenean. Niretzat aberasgarria da bi espazio horiek uztartzea.

Hala ere, gurea proiektu kolektiboa da, eta aurrera begira ere hala izango da. Denon artean erabaki beharko dugu bakoitzak zein ardura hartuko dituen eta nola jarraitu bide hau eraikitzen. Oraindik ez gara horretaz hitz egiten hasi, badago denbora horretarako.

Nik, oraingoz, lan egiteko gogoz jarraitzen dut. Beti bezala prest nago ekarpena egiten jarraitzeko eta nire onena emateko, baliagarria naizen tokian. Azken finean, proiektuek aurrera egitea da garrantzitsuena, eta jendearentzat baliagarria izatea. Horrek motibatzen nau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!