Bizkaiko EH Bilduk jardunaldia egin du Durangon, Mendien Foru Arauari egindako alegazioak aurkezteko

E.H. 2026ko otsailaren 6a

Koalizioak "norabide aldaketa" proposatu du alegazioen bitartez. "Helburua ez da egurra ekoiztea bakarrik, baizik eta lurzorua, ura, biodibertsitatea, paisaia eta mendiaren eginkizun soziala babestea", esan dute.

Bizkaiko EH Bilduk lan-saio bat egin du Durangon, mendi kudeaketa ezagutzen duten militanteekin eta zinegotziekin. Kontua da Bizkaiko Foru Aldundiak arau berri batekin kudeatu gura dituela herrialdeko mendi eta baso lurrak, eta EH Bilduk alegazioak aurkeztu dizkiola arau horri. Marko berriak 132.000 hektareari eragingo die, hau da, Bizkaiko azaleraren % 60ari. Eta hori horrela, koalizioak "baso kudeaketa iraunkorra, askoterikoa eta parte hartzailea" bultzatzeko asmoa agertu du.

"Norabide aldaketa" proposatu dute mendien kudeaketan: "Helburua ez da egurra ekoiztea soilik, baizik eta lurzorua, ura, biodibertsitatea, paisaia eta mendiaren eginkizun soziala babestea, herritarren parte-hartzea eta mendiak modu arduratsuan kudeatzen dituztenei bidezko konpentsazioa bermatuz". EH Bilduk zehaztu duenez, Durangoko jardunaldia alegazioak ezagutzera emateko egin dute. Gaineratu dutenez, datorren astean amaituko da Mendien Foru Arau berriari alegazioak aurkezteko epea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!