24. Korrikak Errigora omendu du gaur Durangoko Plateruenean. Aretoa euskaltzalez bete-bete da, eta jai giroa izan da nagusi ekitaldia hasi aurreko minutuetan. Kittu musika talde zornotzarrak euskal kantuak abesten jarri ditu bertaratutakoak, harik eta Anabel Arraiza eta Aritz Ganboa aurkezleek omenaldi ekitaldia hasi duten arte. Hitz hartzea egiten lehena Xabi Gartzia izan da, AEKren nazio kontseiluko kidea. Errigoraren sorrerak gogoratu ditu Gartziak: Korrika legez, “ideia sinple bezain ausart moduan” jaio zen, eta denborak erakutsi du “arrakastatsua eta bikaina” dela. Gartziaren hitzetan, bada beste antzekotasun bat Errigoraren eta Korrikaren artean: “Errigora eskuz esku, fisikoki eta natural zabaltzen da, Korrikaren lekukoa bezalaxe”.
Segidan, Ane Elordi Korrika arduradunak hartu du hitza. AEKk eta Errigorak "printzipioetan bat" egiten dutela esan du: “Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora”, adierazi du zornotzarrak.
Errigoraren izenean, Adriana Urmenetak eta Irati Abiok hartu dute hitza ondoren, eta AEKri beren esker ona adierazi diote: “Eskerrak eman nahi dizkiogu Korrikari, bere 24. edizio honetan Errigoraren lana omentzeagatik. Ekimen gutxik daukate urtetik urtera herri honen grinari bizirik eusteko gaitasun magiko hori, eta, dudarik gabe, Korrika da horietako bat da. Eta, nola ez, Errigorako kideongan ere eragiten ditu bizipoz eta harrotasun horiek edizio orotan”.
Enbaxadore berriak
Ekitaldian, Errigorako panpinak aurkeztu dituzte: Orburutxo eta Zainzuriñe. Eta Anabel Arraiza eta Aritz Ganboa aurkezleek iragarri dutenez, Korrikak iraun bitartean bi pertsonaia horiek Euskal Herriko zein lekutan dauden identifikatzen dituztenek (dela lasterketa bitartean, dela zuzeneko emankizunetan, dela Korrikako aplikazioan), "sorpresaren bat" izango dute zain. Halaber, egitasmo berri horren xehetasun gehiago "laster" emango dutela iragarri dute.
Ekitaldia ardo kopa bana eskutan amaitu dute bertaratu guztiek, topa eginda. Ondoren, bazkaria egin dute.
Atharratzerako prest
24. Korrikak Atharratzeko plazatik (Zuberoa) irtengo du martxoaren 19an. Lekukoak hamaika egun egingo ditu egun eta gau geratu barik, harik eta martxoaren 29an Bilboko Areatzara iristen den arte. Euskara gara izango du eslogan, eta lasterkariek Zetak taldearen erritmora egingo dute korrika.
Euskararen aldeko egitasmo erraldoia amaiera bezperan ailegatuko da Durangaldera, martxoaren 28an. Mallabitik sartu eta Zornotzan irten arte, eskualdeko euskaltzaleek ordu txikitan egingo dute Korrika, aurten.