Besteak beste, euskara zerbitzu hizkuntza modura bermatu gura du udalak, eta hizkuntza ohituren eraldaketan eragin gura du, udal zerbitzuetan, barneko hartu emanetan zein udalerriko eguneroko bizitzan. Plan berriak udalbatzako alderdi guztien oniritziagaz egin du aurrera. Atzo jarri zuten indarrean, arratsaldeko osoko bilkuran.
Udalak jakinarazi duenez, "kudeaketa" izango da tresnaren ardatz nagusia. Horretarako, talde eragile bat sortu dute departamentu guztietako langileen ordezkaritzagaz. Euskararen Egitura Operatiboa deritzo talde horri. Eta egitura hori arduratuko da, hain zuzen ere, euskara kudeaketako arlo guztietan "erabat integratuta" egoteaz.
Erabilera sustatzeari dagokionez, euskara zerbitzu hizkuntza izan dadin gura du udalak. "% 100" bermatu gura dute aukera hori. Hizkuntza "modu sistematiko, egonkor eta eraginkorrean" erabili dadin gura dute. Herrira begira, herritarrei zein interes taldeei emango diete erabilera sustatzeko estrategiaren berri.