'We are Clickers' enpresa durangarrak egoitza berria zabalduko du Intxaurrondon

E.H. 2026ko urtarrilaren 21a

We are Clickers enpresako langileetariko batzuk. WE ARE CLICKERS

Bihar, urtarrilak 22, jardunaldi ireki bat egingo dute Adimen Artifiziala herritarrei, enpresei eta dendariei gerturatzeko. 

Durangon jaiotako We Are Clickers enpresak bost urte bete ditu. Adimen Artifizialean espezializaturiko startupa da, enpresei eta erakundeei teknologia horren erabilerarako garapenak eta soluzioak eskaintzen dizkiena. Eta bihar, urtarrilak 22, bosgarren urteurrena ospatuko dute Intxaurrondo kalean lokal berria estreinatuta. Era berean, enpresako kideek ateak zabalduko dizkie herritarrei, Adimen Artifizialaren erabilera praktikoak eta haren erronkak ezagutarazteko.

Eguneko ekitaldi nagusietako bat mahai-inguru bat izango da. Bertan, Miguel Zugazak (Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria), Gotzon Bernaolak (Innobasque) eta Raúl Husillosek (Biolur) hartuko dute parte. Adimen Artifizialak Euskadiko industrian, kulturan eta gizartean duen eraginari buruz hausnartuko dute.

We are Clickerseko kideek aurreratu dutenez, jardunaldi praktikoa izango da, merkatariei, familiei eta hezkuntza arloko profesionalei ere baliagarri izango zaiena. Izan ere, teknologia horrek etorkizuneko lan munduan, ikasketetan eta produktibitate kontuetan izan dezakeen erabilera aztertuko dute. Parte hartu nahi dutenek enpresaren webgunean eman behar dute izena.

Durangar bat buru

We are Clickers Leire Legarreta matematikari durangarrak sortutako startupa da. Enpresak hiru langile izan zituen hasieran, eta bost urteak igarota 20ra igo du plantilla. Egoitza berria Durangon ipinita, enpresak "Durangaldearekiko eta lurraldearekiko konpromisoagaz" jarraitu gura du hazten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!