[GUTUNA]: "Hizkuntza-eskubide urraketa larria jasan dugu Durangoko udaletxean"

Anboto 2025eko abenduaren 18a

Durangar bik honako gutun hau helarazi diote ANBOTOri, herriko udaltzain batek "espainolez egitera behartu" zituela salatzeko. 

Idatzi hau sinatzen dugun bi lagunok hizkuntza-eskubide urraketa larria sufritu genuen abenduaren 5ean Durangoko udaletxean. Hain zuzen ere, Durangoko udaltzaingoan espainolez egitera behartu gintuzten. Eskaera bat egitera joan eta ez ziguten eskaera gure hizkuntzan, Durangoko berezko hizkuntzan, bertako hizkuntza koofizialean, euskaraz egiten utzi.

Euskaraz berbetan hasi eta "no, en español" esan zigun harrerako udaltzainak. Guk euskaraz segitu genuen, eta berak "no, en español"; guk harrituta orduan: "Zuk ez badakizu egongo da euskaraz dakien norbait, ezta?";. Eta berak erantzun: "No, yo y en español". Euskaraz ekin genion berriro ere: "Baina egongo da nor edo nor euskaraz..." Eta udaltzainak berriro: "No, conmigo y en español". Hau horrela, eta eskaera egin behar larria genuenez, gure borondatearen kontra, espainolez egin behar izan genuen. Euskararen kontrako azken oldarraldi judizialaren aurreko udaltzain hauek jakingo dute euskaraz, ezta? Agian euskaraz jakin bai, baina ez dute egin gurako?

Udaletxean buruko min txiki batekin sartu eta handiago batekin irten genuen, behar baino galdera gehiagorekin, eta bereziki gure herrian gure hizkuntzan egin eta bizitzeko ezintasunak eragindako minarekin. Baina, samin honek ez gaitu geldiaraziko, eta ez dugu horrelako eskubide urraketa gehiago onartuko. Eta beraz, Durangoko Udalari exijitzen diogu neurriak har ditzala udaltzaingoa euskalduntzeko eta euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Euskara biziberritzeko politika berriak beharrezko direla ikusten dugun garaiotan, euskararen aldeko ohiko argazki soilak ez dira nahikoa. Euskaltzaleok ekiteko garaia da.

Sinatzaileak:

Koldo Zarate Onaindia
Endika Blanco Bravo

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!