Durangoko Udalak ETAk udalerrian hildako bederatzi biktimen omenezko plakak ipini ditu herriko kaleetan. Plaka bakoitza biktima hil zuten tokian jarri dute, lurrean, pertsonaren izen-abizenekin eta ETAk eraila dioen testuak lagunduta. Halaber, plakek QR kodea daukate. Lotura horrek Durangoko Udalaren atarira gidatzen du sakelakoa eta erabiltzaileak eraildako bakoitzaren fitxa biografikora sartzeko aukera izango du hartara. Plakok elebitan daude, euskaraz eta gaztelaniaz.
Udalak jakinarazi duenez, gaur egin dute oroimen plakak ipintzeko ekitaldia. Bertan, biktimen senideek eta udalbatzako alderdi politiko guztietako ordezkariek parte hartu dute. Plakak ipintzeko erabakia gobernu taldearen eta PPren arteko akordioaren zati da, 2025eko aurrekontu-itunari loturikoa.
Plakek ETAk hildako honako biktima hauek gogoratzen dituzte:
- Epifanio Benito Vidal Vázquez (1978/10/25)
- Pedro Ruiz Rodríguez (1979/04/28)
- Dámaso Sánchez Soto (1980/03/24)
- José Mari Urquizu Goyogana (1980/09/13)
- Sergio Canal Canal (1980/10/03)
- José Antonio Merenciano Ruiz (1980/10/03)
- Jesús Hernando Ortega (1980/10/03)
- Pedro Ballesteros Rodríguez (1988/03/19)
- Jesús María Pedrosa Urquiza (2000/06/04)
Udalak azaldu duenez, plakek "giza eskubideekin konprometitutako memoria publiko baten eraikuntzan, biktimen aitortzan eta bizikidetza demokratikoan" lagunduko dute. Halaber, udalak iragarri duenez, gaurkoa ETAren biktimak oroitzeko plakak dira. Aurrerago, "Durangon jaiotako baina beste leku batzuetan hildako pertsonen omenezko plaken jarraipena" egingo dute.
ERREAKZIOAK:
EH Bildu
"Elkarbizitza demokratiko eta errespetuzkoarekin dugun konpromisotik, gaurko ekitaldi instituzionalean merezi duen sentsibilitatearekin parte hartu dugula adierazi nahi dugu. Gaur omenaldia egin zaie ETAren indarkeriaren biktimei eta haien familiei, eta espresuki aitortu nahi dugu haien mina. Min horrekin bat egiten dugu, errespetu zintzoarekin eta hori konpontzen laguntzeko borondatearekin".
"Era berean, beharrezkoa iruditzen zaigu gogoratzea Durangok indarkeria mota ezberdinak jasan dituela eta biktima guztiek, salbuespenik gabe, merezi dutela leku bat memoria kolektiboan. Badakigu horietako batzuk —Estatuak eragindako indarkeriaren biktimek, besteak beste— oraindik ez dutela erakundeen errekonozimendurik, eta horrek luzatu egiten duela inoiz egon behar ez zuen sufrimendua. Inor kanpoan gera ez dadin lan egiteko konpromisoa dugu, biktima batek ere ez dezan sentitu bere mina ez dela aintzat hartzen".
Herriaren Eskubidea
"Biktimen oroitzapena babesten dugu, eta gustatuko litzaiguke omenaldi hau biktima guztiei irekita egotea, plaken xehetasunak eta ekitaldia EAJk, PSE-EEk eta PPk bakarrik adostu dituztelako. Etorkizun demokratikoa guztion bidea elkartuz eraikitzen da. Alderdi guztiak batera eta aho batez biktima guztien egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde lan egitera gonbidatzen ditugu".