Itziar Alberdi preso durangarrari errekurritu egin diote hirugarren gradurako progresioa

E.H. 2025eko azaroaren 14a

Sareren elkarretaratze bat Durangoko Santa Anan.

Sarek bere web atarian jakinarazi duenez, Euskal Espetxe Administrazioak hirugarren gradurako progresioa onartu die Alberdiri eta beste euskal preso biri. Alabaina, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak errekurritu egin du erabakia, eta horrenbestez, hiru presoek "kartzelara bueltatu behar izan dute". 

Sareren iritziz, erabakia Euskal Herritik "400 kilometrora" hartu da, "euskal espetxeetako profesionalek, presoen bilakaera hobekien ezagutzen dutenek, gradu progresioaren alde hartutako erabakiaren kontra eginda". Era berean, honako hau ere gaineratu du Sarek: "Zoritxarrez, Fiskaltzak erabaki bat hartzen du, ez irizpide juridikoetan oinarrituta, borondate politikoetan baizik. Eta, horrela, beste behin ere Saretik aldarrikatzen ari garen elkarbizitzarako bidea oztopatzen jarraitzen dute". 

Antolakundeak zehaztu duenez, hirugarren gradurako progresioa Gurutz Agirresarobe, Itziar Alberdi eta Josu Narvaez euskal presoei errekurritu diete. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!