Jaurlaritzak Gaitasun Handiko Osasun Zentroaren proiektua idatziko du 2026an, Durangoko EAJk dioenez

E.H. 2025eko azaroaren 6a

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea eta Alberto Martinez osasun sailburua.

Durangoko EAJren berbetan, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko diru partida prestatu du 2026ko aurrekontuetan, Gaitasun Handiko Osasun Zentroaren proiektua idazteko. Elkoroiribek proiektua "errealitate bihurtzen" hasi dela azpimarratu du. 

Durangoko EAJren esanetan, inbertsio hori "lehen urrats erabakigarria" da herrian "osasun-zentro moderno eta eraginkorra eraikitzeko, arreta espezializatua Durangaldeko herritarrengana hurbiltzeko", eta pazienteak "beste udalerri batzuetara (Galdakaora, esaterako) joatea saihesteko". Mireia Elkoroiribe bozeramaileak ere ildo beretik egin du berba: proiektua "errealitate bihurtzen" hasi dela adierazi du, eta horrek guztiak durangarrek "historikoki egindako eskaera bati" erantzuten diola gaineratu.

Jeltzaleek iragarri dutenez, Osasun Sailak "datozen asteetan" aurkeztuko du Gaitasun Handiko zentroaren Plan Funtzionala, eta aurkezpen horretan zehaztuko ditu, halaber, "zerbitzuak, eremuak eta espezialitateak". Bestalde, epe motzerako neurriei dagokienez, VIR anbulantzia medikalizatua urtarrilean martxan jartzea gura dute. Zerbitzu horren lizitazioa, hain zuzen ere, martxan dagoela esan du Durangoko EAJk. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!