Durangoko Jaiak 2025

"Neversen irrikan gaude txupinazoa jaurtitzeko"

M.Z. 2025ko urr. 9a, 11:52

Egun batzuk besterik ez dira geratzen txupinero txikiek udaletxeko balkoira igo eta suziria jaurtitzeko. Aurten, Nevers ikastetxeko ikasleek izango dute berau jaurtitzeko ohorea eta euren aurpegiak ilusio horren isla dira. "Irrikan gaude Durangoko jaiak heltzeko eta txupinazoa jaurtitzeko. Irakasleoi ilusioa egiten digu, eta ikasleei zer esanik ez. Desiratzen gaude eguna heltzeko. Oso pozik daude udaletxeko balkoira igo eta jaiei hasiera emateko", adierazi du Jon Carracedo Nevers ikastetxeko zuzendariak. 

Hasieratik ikastetxean argi izan dute ez dutela gura urriaren 12koa ikasle bakar batzuen kontua izaterik. "Oraindino ez dakigu txupineroak nortzuk izango diren, erabakitzeko daukagu. Ikasle batzuk jaietako aurkezpenera joan ziren eta besteren batzuek pregoia irakurriko dute", gehitu du Carracedok. 

Eta orain horixe egiten dabiltza, azken kontuak lotu eta pregoian esan behar dutena zehazten. "Euren ideiak partekatzeko aukera eman diegu ikasleei, eta denon artean osatuko dugu pregoia. Argi dago testuan gure ikastetxea eta bertako proiektuak agertuko direla. Baina jaietako prentsaurrekoan esan genuen moduan, denon eskubideon alde gaudela eta egon behar dugula aldarrikatuko dugu, eta errespetuz eta jai giroan ibiltzeko dei ere egingo diegu durangarrei eta Durangora bertaratzen direnei, gure ustez pregoiak herriari bideratutakoa izan behar du eta", nabarmendu du ikastetxeko zuzendariak.

Bestalde, Jon Carracedok urriaren 12an udaletxeko plazara bertaratzeko deia egin die Nevers ikastetxeko ikasle, guraso eta familiarteko guztiei. "Nevers osatzen dugun familia osoa udaletxeko plazan egotea espero dugu, eta baita gainerako herritar guztiak ere, jakina", amaitu du zuzendariak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!