Aramotz auzoko berritze integraleko lanak amaitu dira dagoeneko. Proiektuan parte hartu duten herritar eta instituzioek inaugurazio ekitaldian parte hartu dute gaur eguerdian.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak azpimarratu duenez, “Aramotzen berroneratze integrala proiektu estrategikoa izan da Durangorako. Ez soilik inbertsioaren tamainagatik, baizik eta auzoko bizilagunen egunerokoan izan duen eraginagatik. Etxebizitzak hobetzeaz, atarien irisgarritasuna bermatzeaz eta bizikidetzarako pentsatutako espazio publikoak sortzeaz ari gara. Ingurune fisikoa eraldatzeaz gain, ehunka lagunen bizi baldintzak hobetu dira. Aramotz berpiztu da, eta horrek erakusten du instituzioek eta durangarrek elkarrekin egindako urteetako lanaren fruitua dela. Harrotasun partekatua da, eta herri-eredu bat: irisgarriagoa, berdeagoa eta inklusiboagoa, Durango osora zabaltzen ari garena".
Bestalde, Juan Carlos Abascal Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak adierazi duenez, “Aramotzeko auzotarren parte-hartzea funtsezkoa izan da proiektu hau gauzatzeko. Opengela programaren baitan amaitutako lehenengo 25 auzoetako bat da, eta helburua eraikinak birgaitzea eta auzoak biziberritzea da. Programa honetan, auzoaren egoera sozioekonomikoa —zaurgarritasuna— erabakigarria izaten da, eta askotan, gure esku-hartzerik eta laguntza ekonomikorik gabe, ezinezkoa litzateke Aramotzen moduko proiektuak gauzatzea. Hau arrakasta kasu argia da, eta erakunde (Eusko Jaurlaritza eta Udala) zein bizilagunen arteko lankidetzaren adibide eredugarria. Guztiak Opengela bulegoaren inguruan koordinatu dira, eta horrek auzoa sendotu eta elkartzea ekarri du. Gaur egun, auzoko bizilagunek eta Durango osoak harrotasunez bizi dute proiektu honen emaitza.”
Proiektu honek guztira 10.796.589,03 euroko inbertsioa izan du, eta "Durangoren etorkizuneko garapenerako estrategikotzat" jo du udalak. 2016an abian jarri zenetik, auzoa berritzeko prozesuak etxebizitzen birgaitze sakona, espazio publikoaren modernizazioa, eta efizientzia energetikoa zein irisgarritasuna hobetzea ekarri ditu, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren, Durangoko Udalaren eta, bereziki, bizilagunen parte-hartze aktiboari esker. Izan ere, Aramotzeko proiektua elkarlaneko finantzaketa eredu bati esker izan da posible. Europak, autonomia erkidegoak, udalak eta auzokideek egindako inbertsioak uztartu ditu. Guztira 10.796.589,03 euroko inbertsioa egin dute, eta honela banatu da:
- Eusko Jaurlaritzak 3.290.000 euro (% 30,47)
- Next Generation EU funtsak 3.515.954,89 euro (% 32,57)
- Durangoko Udalak 1.989.135,48 euro (% 18,42)
- Herritarrek 2.001.498,66 ( % 18,54)