Euskal komunitatea ohituren bidez zelan aktibatu aztertuko dute Plateruenean

E.H. 2025ko ira. 15a, 15:47

Taupa mugimenduaren aurkezpen ekitaldia, Bilboko Kafe Antzokian. TAUPA

Taupa euskaltzaleen mugimenduak egun osoko jardunaldia egingo du irailaren 25ean, 9:30etatik 16:30etara. 

Komunitate euskaraduna aktibatzeko giltzak bilatu gura ditu Taupa mugimenduak, eta hausnarketa jardunaldia antolatu du zeregin horretarako. Irailaren 25ean, Euskal Herriko mugimendu euskaltzaleetako kideak Durangon batuko dira gure udalerrietako ohiturek komunitate euskaraduna aktibatzeko duten gaitasunaz hausnartzeko. Jardunaldia Plateruena Kultur Aterpean egingo dute, goizeko 9:30etatik 16:30etara. Horrako hori Taupada jardunaldien bigarren edizioa izango da, hain zuzen ere. 

Egitaraua hainbat berbaldik osatuko dute. Gau Beltzaren bilakaera, euskal pop kultura berria, Lapurdiko inauterien biziberritzea, kultur ondarearen transmisioa, naturaren eta ohituren arteko lotura eta Atsolorra aztertuko dituzte, besteak beste. Egitarauaren xehetasunak eta hizlariak zeintzuk diren Taupa mugimenduaren atarian kontsultatu daitezke.

Globalizazioaren aurrean

Globalizazio garaiak direla eta, Taupa euskaltzaleen mugimenduko kideek adierazi dute euskalduna bezalako kultura minorizatuek ezinbestekoa dutela "usadio zaharrak garaian garaiko iruditeria sinboliko eta adierazleekin berriztatzea". Azken urteotako transmisio lanen artean kokatu dituzte, hain zuzen ere, Gau Beltza, Iruñeko Iruinkokoak eta Nafarroa Behereko zein Lapurdiko Libertimendua. Taupak gogorarazi du usadiozko adierazpide horien guztien atzean, mundu ikuskera, balioak eta sinesmenak bateratzen direla, eta identitate komunitario horri funtsezko osagaia eskaintzen diona euskara dela. Hor kokatu dute hain zuzen ere, ohituren bitartez euskaran eragiteko aukera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!