Ezkurdi plazako lizar bat moztuko dute abuztuko azken astean "herritarren segurtasuna bermatzeko"

Anboto 2025ko abu. 22a, 23:52

Argazkia: Durangoko Udala

Arbola hori Erakusketa aretoaren sarreraren ondoan kokatua dago. Mozketa udaleko lorazain brigadak egingo du, ikasturte berria hasi aurretik, oinezkoentzat eta, bereziki, bertatik ikastetxeetara doazen haur eta gazteentzat arriskuak saihesteko helburuarekin, udalak ohar batean azaldu duenez.

2024an, udalak zuhaitzen arriskuen azterketa bat egin zuen, udalerriko arboladiaren egoera ebaluatzeko eta arriskutsuak izan zitezkeen aleetan proba espezifikoak egiteko. Txosten tekniko bat osatu zuten eta hainbat esku-hartze proposatu zituzten herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz.


Arrisku altutzat hartutako kasuetan jarduera azkarrak egin zituen udalak, hala nola Zumalakarregi kaleko taxi geltokiaren ondoko lizar handiaren mozketa, edota Zumar kaleko makal baten tala.


Beste jarduera batzuk irailean burutuko dira: udalak aurreratu duenez, zuhaitzetan euspen dinamiko ehunezkoak jartzea, zuhaitz batean euspen estatiko bat instalatzea, eta dagoeneko instalatutako euspenak berrikustea. Lan horiek zuhaitzetan aditua den enpresa batek burutuko ditu, eta guztira 7.250 euroko kostua izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!