Durangoko Udalak jakitera eman duenez, 49 indarkeria matxista kasu erregistratu dituzte herrian, urtarriletik ekainera bitartean. Horietatik 22 Udaleko Indarkeria Matxistaren Unitatearen bidez antzeman zirela zehaztu dute. Udal ordezkariek Indarkeria Matxistaren Unitatearen lana azpimarratu dute: "Izan ere, haren esku-hartzerik gabe, kasu horietako asko ezkutuan gera zitezkeen".
Urteko lehen hiruhilekoan, 28 kasu erregistratu ziren. "Horietako 23 genero-indarkeriagatik izan ziren, hiru familia barruko indarkeriagatik eta bi sexu-indarkeriagatik", zehaztu dutenez. Apiriletik ekainera bitartean, 21 izan ziren kasuak: "15 genero-indarkeriagatik, hiru familia barruko indarkeriagatik, bi sexu-indarkeriagatik eta bat beste indarkeria mota batengatik", gaineratu dute udal ordezkariek.
Indarkeria kasuak salatzera deitu dute
Jesica Ruiz Berdintasun zinegotziaren berbetan, zifra "kezkagarriak" diren arren, "isilpean egoten den errealitate bat ikusarazteko aurrerapauso bat" ere badira. "Horregatik, indarkeria egoera bat bizi duten pertsona guztiei, edo horrelako kasuren bat ezagutzen duten herritarrei, salatzera eta laguntza eskatzera animatzen ditugu. Badakigu oraindik kasu asko ez direla jakinarazten. Ez zaudete bakarrik", azaldu du ohar baten bitartez.
Durangoko Udalak indarkeria matxistaren edozein adierazpen "irmoki" gaitzesten duela nabarmendu du Ruizek. "Indarkeria hori desagertu dadin lanean jarraitzen dugu. Arreta zuzena eskainiz, eta, prebentzioa, hezkuntza eta sentsibilizazioa uztartzen dituen esku-hartze integralaren aldeko apustu eginez", azpimarratu du.
Indarkeria Matxistaren Unitatea 2024an sortu zen. "Andragunean teknikari espezializatu bat dago kasua artatzeko eta aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua eskaintzeko", udal ordezkariek gogoratu dutenez. Informazioa eskatzeko edo hitzordua hartzeko 618 791 333 eta 94 603 00 46 telefono zenbakietara deitu daiteke, edo misasi@durango.eus helbide elektronikora idatzi. Indarkeria matxista kasuetarako beste arreta-zerbitzu eta baliabide batzuk ere badaudela gaineratu dute: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak (946 200 492);
Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzua, 24 orduz erabilgarri (944 025 050); Krisi Zentroa (900 84 09 77); eta SATEVI – Indarkeria Jasaten duten Emakumeei Laguntzeko Telefono Zerbitzua, 24 orduz eskuragarri (900 840 111). Durangoko Ertzain-etxeagaz (944 66 93 00) edo Udaltzaingoagaz (946 03 00 10) ere jarri daiteke harremanetan.