Durangoko Euskaraldiak egitasmoaren balantzea egin du. Ondorio kualitatiboei dagokienez, aurtengo edizioak "inoizko mugimendurik handiena" sortu duela azpimarratu dute. Izan ere, egitasmoari eskerrak "aurkezpenak, harremanak eta foroak", sortu dira, eta horiek guztiek herritar kopuru handia aktibatzea ekarri dute: "Berba gutxitan, euskaltzaleen mugimendu indartsua sortu da". Era berean, Euskaraldiari eskerrak "egitarau oparoa" antolatu dela azpimarratu dute Durangoko batzordeko kideek: "aurkezpenak, solasaldiak, musika eskaintza, jolasa, mintzodromoak... Eskaintza askotarikoa izan da, eta horrek profil ugaritako ehundaka herritarrek Euskaraldiko ekintza ezberdinetan parte hartzea ahalbidetu du". Ondorio kualitatiboen azken ezaugarria euskarak "presentzia urria" duen eremuetan egindako aurrerapausoak izan dira: "Askok esan digute Euskaraldia dela euren entitateetan euskaran murgiltzeko duten tresna bakarretakoa. Aurrerapen txikiak dira askotan, baina balio handikoak", adierazi dute egitasmoko talde eragileko kideek.
Zenbakitan
Datu kuantifikagarriei dagokienez, "Euskal Herri mailan gertatu bezala", Durangon ere izen emate kopurua jaitsi egin dela jakinarazi dute: "% 9,91ko jaitsiera egon da izen emateetan, azken edizioarekin (2022koarekin) alderatuta". Hala ere, jaitsiera hori apalagoa izan da Euskal Herriko bataz bestekoarekin alderatuta, inskripzioak % 14,5 jaitsi ziren-eta, oro har, zazpi herrialdeetan. Era berean, ariketa erraldoian izenik eman ez arren, txapa aldean ipinita ibili denik ere egon dela esan du Durangoko Euskaraldiak, besteak beste, "izena aurreko edizioetan eman zutenez oraingoan eman ez dutelako" edo "txapa izena eman aurretik eskuratu zutelako".
Estatistikei dagokienez, honako datu hauen berri eman dute:
Euskaraz eragiten jarraitzeko deia
Euskaraldia amaitu den arren, hizkuntza ohiturak aldatzeko lanean jarraitzera deitu du Durangoko batzordeak. Hori, "neurri batean", ahalegin indibiduala dela esan dute, baina zeregin hori era kolektiboan egitea "errazagoa" dela ere igarri dute. "Hori horrela, euskararen alde eta euskara sustatzeko mota guztietako egitasmoetan parte hartzen jarraitzeko deia" egin dute," herritarren mugimenduak euskaldunduko duelako Durango".