Bihar, ekainak 4, 25 urte beteko dira ETAk Jesus Mari Pedrosa zinegotzi durangarra hil zuenetik. Hori dela eta, PPko ordezkaritza politiko batek eta Pedrosaren senideek eta gertukoek lore-eskaintza egin diote Durangoko hilerrian, goiz honetan. Senideen artean egon da, halaber, Carmen Hernandez, Pedrosaren alarguna. Omenaldi ekitaldia bukatuta, PPko arduradunek adierazpenak egin dituzte. Carlos Garcia zinegotzi durangarrak eta Javier de Andrés alderdi popularraren Euskadiko presidenteak, hurrenez hurren.
Carlos Garciak iragarri duenez, Durangoko Udalak memoria-plakak ipiniko ditu udalerrian, "ETAren terrorismoaren 13 biktima durangarren omenez". Hori guztia udal gobernuagaz batera "adostuta" daukala jakinarazi du Garciak, neurri hori "2025eko udal aurrekontuak onartzeko akordioaren zati-da eta". Bestalde, Javier de Andresek adierazi duenez, Pedrosarena moduko hilketak "egunero-egunero gogoratu behar dira, berriro ere halakorik gerta ez dadin". "Zoritxarrez, Durangon bertan hainbat izan ziren Jesus Mari Pedrosaren hilketa ospatu zutenak. Horregatik, bere duintasuna eta zintzotasuna gogoratu behar ditugu, herriko elkarbizitzaren alde egin zuen lan guztia".