Kurutziaga ikastolak Jantoki Eko-Arduratsuaren goi mailako ziurtagiria jaso du

Anboto 2025ko mai. 30a, 19:15

Lehen urte honetan, arreta jarri dute elikagai-hondakinen murrizketan eta baliabideen optimizazioan

Duela urtebete, Ausolan taldeak eta Kurutziaga Ikastolak Bureau Veritasek emandako Jangela Eko-Arduratsuaren ziurtagiria lortu zuten. Oraingo honetan, goi mailako zertifikazioa eskuratu dutela azaldu du Kurutziagak prentsa oharrean.

Lehen urte honetan, elikagai-hondakinen murrizketan eta baliabideen optimizazioan arreta berezia jarri dute. Era berean, hezkuntza mailan, jasangarritasunari lotutako bi proiektu garrantzitsu egiten aritu dira ikasturtean zehar. Alde batetik, kontsumitu barik gelditu den ogi kopurua zenbatzen aritu dira hileroko ogi soberakina neurtzeko. Bestetik, ikasleak janari  hondakinen pisaketak egiten aritu dira ikasturte osoan zehar zenbat soberakin botatzen den jakiteko. “Proiektu zehatzez gainera, berbaldiak, muralak, dekalogoa eta beste hainbat ekintza ere egin dugu”, azaldu du Amaia Sanz hezkuntza proiektuko arduradunak. “Bestalde, organikoari dagokionez, fruta azalak sailkatzen aritu gara konposterako zenbat fruta azal erabiltzen dugun ezagutarazteko”, azaldu du Ariane Nuñez jantokiko arduradunak.

“Iraunkortasuna ez da behin ziurtatzen, egunero eraikitzen da. Jantoki honek erakusten du, borondatea, konpromisoa eta hezkuntza ikuspegia dagoenean, posible dela eredu bidezkoago eta gure ingurunearekiko begirunetsuago baterantz aurrera egitea “, azpimarratu du Urko Rodríguez Kurutziaga Ikastolako kudeatzaileak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!