Bruss lantegiko beharginek lanuzteak iragarri dituzte, "hitzarmen duin bat" helburu

Anboto 2025ko mai. 27a, 19:46

LAB, ELA eta CCOO sindikatuen eskutik egingo dituzte mobilizazioak. Kontzentrazioak egingo dituzte lehenik, eta ordubeteko lanuzteak ekainaren 2tik aurrera. "Akordiorik egon ezean", greba mugagabea hasiko dute ekainaren 16an.

Durangoko Bruss enpresako langileek mobilizazio-sorta bat hasiko dutela iragarri dute "hitzarmen duin bat lortzeko asmoz". Hedabideetara bidalitako oharrean azaldu dutenez, "lan-gatazkaren hasiera" 2023ko abenduaren 31n dago, ordura arte indarrean egondako ituna agortu zenean. "Ordutik, hitzarmen berri bat lortzeko negoziaketek ez dute fruiturik eman", langile batzordearen berbetan, enpresa ez dagoelako "langileentzako eskubide eta akordio duinak lortzeko asmoa aurrera eramateko prest". 

LABek, ELAk eta CCOOk gaineratu dutenez, "tentsioak nabarmen egin zuen gora" maiatzaren 8an, "lan gorabeheren ondorioz bajan egon eta bere lanpostura berriz itzuli zen langile baten kaleratzea" tarteko. Horrez gainera, gatazkaren beste "puntu garrantzitsu bat" enpresak "lan kategoria berri bat" sortu izana da, "hitzarmenean existitzen ez zena". Kategoria horrekin, "soldata eskala bikoitza" martxan ipini dela kritikatu dute hiru sindikatuek. Era berean. SOMOS sindikatua ere seinalatu dute, "enpresarekin sekretupean" batzea egotzita. Sindikatu horrek, "ordain gisa" bere "afiliatuen aurrejubilazioa" negoziatu duela esan dute LABek, ELAk eta CCOOk. Hori guztia dela eta, SOMOS sindikatua mobilizazioetatik "baztertu" dutela jakinarazi dute.

Mobilizazio-sorta

Langileek, LABek, ELAk eta CCOOk deituta, kontzentrazioak egingo dituzte enpresa-atarian, maiatzaren 26tik 30era. Ekainaren 2tik 6ra eta 9tik 13ra ordubeteko lanuzteak egingo dituzte, eta "akordiorik egon ezean", greba mugagabea hasiko dute ekainaren 16an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!