'Puzzlea osatu arte!' egitasmoaren piezetako bat Durangora ailegatuko da zapatuan

Ekaitz Herrera 2025ko mai. 15a, 13:00

Sarek Puzzlea osatu arte! egitasmoa egingo du asteburu honetan, 58 euskal presok "zigorra erregimen itxian" betetzen jarraitzen dutela gogorarazteko. Kotxe-karabanak egongo dira eskualdean, eta ekitaldia Durangon.

Sarek Puzzlea osatu arte! egitasmoa egingo du asteburuan Euskal Herriko 29 udalerritan, kartzela zigorra "erregimen itxian" betetzen dabiltzan euskal presoen herrietan, hain zuzen ere. Horretarako, zapatuan, puzzle baten piezak eramango dituzte udalerriz udalerri, eta ekitaldiak egingo dituzte geldiuneetan. Tartean, Durangon. Maiatzaren 17an, puzzle-pieza horietako bat eskualdeko herri nagusira iritsiko da. Hori dela eta, kotxe-karabanak antolatu dituzte eskualdeko hainbat herritan, eta ekitaldia egingo dute Landakon. Jardunaldiari elektrotxaranga batekin emango diote amaiera. Behin Durangoko eta gainerako herrialdeetako piezak herririk herri igaroarazita, Sarek puzzle guztia osatuko du domekan, Iruñean. 

Egitasmo horrekin, 58 euskal presok "zigorra erregimen itxian" betetzen jarraitzen dutela gogoraraziko du Sarek, eta gai horri heltzeko garrantzia azpimarratuko du, hain zuzen ere: "Maiatzaren 17an eta 18an zehar, preso horiek etxerako bidea egitearen garrantzia da nabarmendu nahi duguna", esan du mugimenduak, euskal presoek kondenaren azken urteak "etxean bete ditzaten". Dinamikak gaineratu duenez, espetxe politikak "preso guztiei" ematen die "zigorraren azken urteak erregimen irekian betetzeko aukera ", baina euskal presoen kasuan "salbuespen politikak" indarrean daudela kritikatu du.

DURANGALDEKO EGITARAUA (Maiatzak 17)

  • 16:30 Kotxe-karabana Iurretatik Durangora, aurretiaz Abadiño, Elorrio, Atxondo, Zaldibar eta Berriz igarota.
  • 17:50 Ekitaldia Landakon
  • 18:30 Elektrotxaranga Goienkaletik Intxaurrera
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!