Euskaraldia 2025

"Asko eskertzen dut niri euskaraz berba egitea"

Aitziber Basauri 2025ko mai. 11a, 11:50

Lehenengo Euskaraldia egin zenetik, Belarriprest pegatina itsatsita dago Durangoko Oliver arropa dendaren erakusleihoan. Bezeroek euskaraz egin diezaioketela erakutsi gura du Agurne Azkaratek (Durango, 1970), nahiz eta elkarrizketaren momenturen batean gaztelaniara pasatu. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa praktikoan parte hartzera animatu du, "euskararen erabilera indartu dadin eta hizkuntza galdu ez dadin". 

Hasieratik parte hartu duzu Euskaraldian. Oraingoan ere eman duzu izena. Zergaitik da garrantzitsua parte hartzea?
Garrantzitsua da gogorarazteko euskara erabili behar dugula, euskaraz berba egiten jarraitu behar dugula. Belarriprest modura parte hartu dut beti, eta aurten ere hautu horixe egin dut. Bezeroak euskaraz zuzentzen dira nigana, baina heltzen da momentu bat zeina ez naizen gai elkarrizketa euskaraz jarraitzeko eta gaztelaniaz jarraitzen dut. Lehenengo Euskaraldia egin zenean, denda Arigunea izan zedin ere eman nuen izena.

Zerk animatu zintuen Euskaraldian parte hartzera?
Dendak Bai elkarteko kide legez hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera eman digute beti. Eta Euskaraldian parte hartzeko proposamena egin zidatenean segituan eman nuen izena. Komertzio zein herri legez onuragarriak diren ekimen guztietan parte hartu behar dugula uste dut; oraindino gehiago herritarrak eta dendariak batzen dituen ekintza bada. 

Zelakoa izan da orain arteko esperientzia? 
Poz-pozik nago. Lehenengo Euskaraldia egin zenetik, Belarriprest naizela adierazten duen pegatina dut ipinita erakusleihoan. Herritarrek, bezeroek, euskaraz berba egin diezadaketela ikusi dezaten, nahiz eta gertatu daitekeen ni momenturen batean gaztelaniara pasatzea. Dendan asko berba egiten da euskaraz. Alabek Kurutziaga ikastolan ikasi dute eta ditudan bezero askok ikastolan dituzte seme-alabak. Bada, Belarriprest nintzela ikusi zutenetik, euskaraz berba egiten didate, nahiz eta nik gaztelaniaz berba egin. Seme-abalak hazten doaz, baina jarraitzen dute dendara etortzen, eta euskaraz egiten didate. Ezagutzen nautenek euskaraz egiten didate. Oso esperientzia positiboa izan da beti. 

Zure egunerokoan, zelan laguntzen dizu Belarriprest izateak?
Alabek euskaraz ikasi dute eta euren artean euskaraz egiten dute. Beti izan dut arantzatxo bat: alabekin elkarrizketa bat euskaraz jarraitzeko gaitasunik ez izatea. Aditzak dira nire ahulgunea. Elkarrizketa ezin amaitu egoten naiz, aditz faltan. Hanka sartzeko beldur horregaitik ere bada. Euskara ikastaroetara joan naiz, baina ia ezinezkoa iruditu zait. Dendara gaztetxoak sartzen direnean, eurengana euskaraz zuzentzeko ohitura dut; lehenengo berba beti euskaraz egiten diet. Eta umeekin euskaraz jarraitzen dut, errazagoa egiten zait, oraindino ez baitute trebetasun hori hizkuntzagaz. Gurasoekin, helduekin, arazo gehiago dut.

Belarriprest izateak trebetasuna hartzen laguntzen dizu? 
Bai. Bezeroek badakite ulertzen diedala eta ahal dudan neurrian euskaraz jarraituko dudala.

Uste duzu garrantzitsua dela Euskaraldian parte hartzea?
Jakina! Lehenengoz egin zenean oso ekimen polita iruditu zitzaidan. Belarriprest ginenon artean euskaraz egiten ahalegintzen ginen, eta gura baino gehiagotan gaztelaniara pasatzen ginen arren, euskarari eustea lortuko genuela esaten genion elkarri. Harrezkero, urtero parte hartu dut. Uste dut Durangon nahikotxo berba egiten dugula euskaraz; batez ere, gazteen artean entzuten dut. Baina, egia esan, inguruko herrietako bezeroek euskaraz gehiago egiten dute.

Uste duzu Euskaraldiak baduela eraginik gure eguneroko hizkuntza ohituretan? 
Bai. Euskaraldia hurbildu ahala kontzientzia hartzen dugula esango nuke; euskaraz gehiago berba egiten ahalegintzen gara, eta igartzen da. Baina behin ariketa amaituta, ahaztu egiten dugu apur bat. Gaztelaniaz berba egiteko ohitura dugunok errazago jotzen dugu horretara. 

Egunerokoan ahalegintzen zara euskaraz egiten? Konpromiso hori duzu?
Bai. Dendan asko egiten dut euskaraz, ahalegintzen naiz. Kalean gutxiago. Ikastolako beste gurasoekin euskaraz egiten dut. Momenturen batean, elkarrizketagaz jarraitzeko modurik ez dudanean, ni gaztelaniaz hasi arren, eurek euskaraz jarraitzen dute. Haiekin badut lotura hori. Hizkuntza bitan egindako elkarrizketa da. Asko eskertzen dut niri euskaraz egitea. Dakidan hori mantentzen laguntzen dit, euskara ez ahazten. Ahal dudan neurrian, euskara gehiago ikasten ere laguntzen dit. Gertukoenekin lotsa gutxiago ematen dit euskaraz berba egitea.

Kosta egiten da jauzia egitea? Lotsari aurre egin eta euskaraz egitea? 
Aurrean duzunak euskaraz oso ondo egiten badu, kosta egiten zait lotsa kentzea. Hanka sartzeko beldurra izaten dut, jakin arren ez didala barrerik egingo. Baina nire antzera egiten duen norbaitegaz banago, ez dit ardura. Urte batean, Euskaraldiaren harira, Belarriprest ginen lagun talde batek euskaraz berba egitea erabaki genuen. Aditz bategaz asmatu ez arren, ez zigun ardura izaten elkarri galdetzea. Baina ariketa amaitzean uzten joan ginen. Gaztelaniara bueltatzen ginen. Hizkuntza ohiturak dira eta gatx da aldatzea. Gazteen artean errazagoa dela uste dut. Herriaren araberakoa ere bada. Ilobak Izurtzako herriko taberna dauka eta oso bezero gutxik eskatzen du gaztelaniaz. Durangon desberdina da. Mañarian ere denek egiten dute euskaraz, eta han euskaraz egiten dut. 

Merezi du ahalegina egitea?
Bai. Gura nuke euskaraz erraz berba egin. Umetan dena euskaraz egiten genuen, aita Gazteluakoa (Abadiño) zen. Baina eskolan debekatuta genuen euskaraz berba egitea. 

Egunen batean Ahobizi izango zara?  
Igual bai. Ikasi egin beharko nuke, baina batek daki!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!