Zein garrantzia du euskarak zuen enpresan?
Aititak eta bere anaiek sortu zuten ONA Electro-Erosion enpresa. Euskara euren nortasunaren oso parte garrantzitsua zen Onandia anaientzat, eta enpresaren sorreran oso argi zuten euskarak toki nabarmena izan behar zuela. Gaur egun, identitate ezaugarri horri eutsi gura diogu, jarraipena eman gura diogu. Eta horixe da proiektu honetan sartzearen arrazoi nagusia. Ez dugu dudarik, euskara hizkuntza txikia den aldetik, gure laguntza eta konpromiso guztia behar duela.
Gainera, enpresan aspaldi gaude hasita euskararen aldeko ekintza xumeak egiten. Adibidez, Ikastolaren hastapenetan laguntzen ibili ginen, Korrikan laguntzaile legez, eta gure enpresan, mundura zabaltzean, makinak euskaraz izendatu ditugu. Gauza gehiago ere egin dugu.
Hori horrela, proiektu honi beharrezko garrantzia eman guran, euskarari loturiko batzordea sortzea erabaki genuen, eta egindako horrek lehenengo emaitzak izan ditu. Lehenengo eta behin, enpresa batzordeko kide bik adierazi dute pertsonalki proiektuaren lantaldean parte hartu gura dutela; eta, bigarrenik, langileei bidali genien ohar orokorraren ondorioz euskara gehiago entzuten hasi da enpresan. Euskaldunak zirela ez genekien kideak ere hasi dira euskaraz egiten. Sorpresa politak hartu ditugu. Beraz, gustura gaude hasierako urratsekin.
Euskaraz bizi garenez, euskaraz lan egin gura dugu, eta gure arbasoek utzitako bideari eta nahiei jarraituta, gogoz ekingo diogu erronka honi.
Zer erronka duzue etorkizunera begira?
Enpresako euskararen mapa osatu gura dugu, langileen euskara-ezagutza eta motibazioa ezagutzeko; enpresaren egoeraren oinarrizko diagnostiko bat ere egin gura dugu. Bestalde, hizkuntza-ohituretan eragin gura dugu, agiri garrantzitsuak hizkuntza bitan ipini gura ditugu langileentzat, eta enpresara datozen ikasleek praktikaldiak euskaraz izateko bidea egiten hasiko gara, besteak beste.
Euskaraldiak irauten duen bitartean, zelan jokatuko duzue lantokian?
Gure "ariguneetan" dauden oholetan, giroa sortzeko asmoagaz eta Euskaraldia berba erreferentziatzat hartuta, letra bat ipiniko dugu egunero, Euskaraldia berba osatu arte.
Gainera, oholetan apuntaturiko jende kopuruaren arabera, termometro bat irudikatuko dugu, jendearen partaidetza islatuz, eta, egunetik egunera baten bat gehiago apuntatzen bada, termometroa osatuz joango gara. Bestalde, Euskaraldiak irauten duen egunetan, bakoitzak gogoko duen euskal abestia ipintzea proposatuko dugu. Euskaraldia amaitzean, abesti hauekin guztiekin playlist-a sortzea da gure asmoa, eta gure Intranet-ean ipintzea. Horrela, edonork eskuragarri izango du egun horietan bizitakoa, abesti horien guztien bitartez gogoratzeko.
Amaitzeko, Euskaraldiak irauten duen egunetan, batzar guztietan gutxienez lehenengo berba euskaraz egitera animatuko dugu jendea.
2024 amaieran, Landuegaz bat egin zenuten, Durangaldean lan mundua euskaratzeko sareagaz, hain zuzen ere. Zuentzat zergaitik da garrantzitsua Landuera batzea?
Guretzat nora heldu bezain garrantzitsua da bidea zelan egin, zelan eman pausoak. Hortaz, gure hautua pausoz pauso urratsak egitea da. Proiektu estrategiko lez, oinarri sendoak ipintzea da gure helburua, eta, aurrera begira, horren gainean eraikitzen duguna ondo finkatuta geratzea gura dugu. Honetarako, ezinbestekoak dira Landueren moduko proiektuek mahai gainean ipintzen dituzten baliabideak.