Euskaraldia 2025

"Hitanoaren soinua ederra da, hurbilekoa"

Joseba Derteano 2025ko mai. 9a, 17:50

Kurutziaga ikastolako langile talde batek hitanoa biziberritzeko eta euskararen aldaera zaharrak lantzeko pausoa eman du: astero batzen dira hitanoa praktikatzeko. Leire Arrieta eta Eider Gallastegi talde horretako kideak dira. 

Zelan sortu zenuten Hika taldea?
Leire Arrieta: Orain urte bi, Euskaraldia amaitzeagaz batera, ikastolan hikan egitea falta zela pentsatu genuen. Orain urte asko, ikastolako maisu eta andereñoek bazuten hika egiteko ohitura, eta guztiz galduta zegoen. "Ikastolan hika barriro errekuperau biher dxunau", esaten genuen geure artean, neskok kasu honetan. Txapa propioak egin eta eguen eguerdietan batzen hasi ginen, hitanoa geure artean praktikan ipintzeko. Batzuetan, eguraldi ona egiten badu, parkean geratzen gara bazkaltzeko eta mintzapraktika egiteko jolasen bitartez. Zuka egitera ohituta, hasieran gatxa izan zen trantsizio hori egitea. 
Eider Gallastegi: Honen harira, beste ekitaldi batzuk ere egin ditugu. Adibidez, taldetxo batek Hitzez eta Ahotsez ekimenean parte hartu genuen gaia 'umorea' izan zenean, eta gutariko batzuk hika hasi dira poteoan. Hileko bigarren eguenean egiten dugu, 19:30ean, Arkarazo tabernatik hasita. Erdu!

Hika berria da zuentzat ala txikitatik ezagutu duzue?
E.G.: Etxean ez dut entzun. Amamak bere ahiztekin egiten zuen, baina gugaz ez. Nire bikotekidea atxondarra da eta aitagaz egiten du. Beragaz praktikatu izan dut. Baina batez ere talde honetan nabil hika ikasten.
L.A.: Nik txikitatik entzun dut. Amak hika egiten zuen bere ahiztekin baserrian, eta ia egunero egoten ginen baserrian. Ikastolan jubilatuta dauden lankideen artean ere beti entzun dugu hitanoa euren artean. Niretzat ezagunagoa izan da.

Hitanoa aldatu egiten da herri batetik bestera. Zuek zer motatakoa egiten duzue?
E.G.: Bakoitzak berea. Etxe bakoitzean desberdin egin izan da. Hor ibiltzen gara batzuetan gidetan begira. Hitanoaren inguruko hainbat aplikazio dago. Baina elkarregaz ikasten dugu gehienbat: "Hik zelan esaten don hau?", eta denon artean ahalegindu gutxi gorabehera bateratzen.  
L.A.: Geure artean hitanoa edo hizkera normalizatu dugunean, bakoitzak beretik egiten du. Hori aberatsa da.

Apurka geroago eta naturalago jotzen duzue hitanora zuen artean?
E.G.: Bai, orain pasilloan elkartu eta hiketan egiten dugu batzuetan. Lehen, ez zitzaigun natural irteten. 
L.A.: Orain batzuetan naturalago irteten zaigu hikan zukan baino.

Taldetik kanpora, zer hartu-eman duzue hitanoagaz?
E.G.: Esan dudan moduan, etxean bikotekideagaz praktikatzen hasi naiz. Semeekin ere ibiltzen gara apurtxo bat. Gero, Arrazola partean ibiltzen gara aisialdian, eta han bai, han entzuten da hitanoa, baina eurek niri ez didate hiketan egiten. Batzuetan esaten diet brometan: "Egin hika, ikesten nabilek eta praktiketie biher joat".
L.A.: Durangon eta inguruetan hikari buruz antolaturiko ekimenetan parte hartu izan dugu. Horrelako ekimenetan bat egindako jendeagaz ia berez jotzen da hitanora. Amagaz ere egiten dut batzuetan.

Zelan ikusten duzue hitanoa Durangon?
E.G.: Oso lagunarte konkretuetan egiten da. Galtzen dabil eta pena da. Horregaitik gabiltza gu hemen, apur bat berreskuratu guran. Beste jende bat ere badabil kontzientzia hori hartzen, baina orokorrean gutxi entzuten dela esango nuke, toki konkretu batzuetan.  
L.A.: Eta adin batetik aurrera gehiago, baina gazteen artean gutxi. Hitanoa euskararen beste ondasun bat da eta interesgarria litzateke ikastetxeetan ekimenak egitea berau indartzeko.
E.G.: Euskararen egoera ez da on-ona. Gazteek gaztelaniara jotzen badute, oraindino gatxagoa da hitanoa bultzatzea, baina interesgarria litzateke hitanoa ikasleen artean ezagutaraztea. Eurentzat gauza arrotza ez izateko. 
L.A.: Gutxienez gu geure artean gabiltzanean entzuten dute hitanoa.

Hitanoko zein aditz edo esamolde gustatzen zaizue?
L.A.: Berba edo esalmolde bat bat baino gehiago, hasieran aditz batzuk sartzen hasi ginenean, geure artean zenbat barre egiten genuen gogoratzen dut. Batek 'jonan' esan eta besteak 'jonatan' eta antzerakoak. Niri asko gustatzen zait hitanoaren soinua; hurbilekoa egiten zait. Ingurukoen konfiantza eta hurbiltasuna ematen du. 

Leire, Durangoko Azokaren harira egindako Hikadromoan izan zenuen. Zelako esperientzia izan zen?
L.A.: Oso polita. Euskal Herri osoko jendeagaz, hitano desberdinak entzun genituen. Hitanoz egiteko gogoa ikusten zen. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!