Ez da lan handia eta ez dago aitzakiarik. Minutu bat baino ez da behar euskaraldia.eus atarira sartu, Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratu, eta norbere udalerria sakatuta Euskaraldian inskribatzeko. Egitasmoaren bultzatzaileek behin baino gehiagotan adierazi dute zenbat eta lagun gehiago izan txapa paparrean ipinita, orduan eta arrakastatsuagoa izango dela Euskaraldia, horrek ahalbidetuko baitu, hain zuzen ere, kalean gurutzatu edo dendan ikusten dugun ezezagunak lehenengo berba euskaraz lasai egitea. Izen ematea egiten duenak Euskaraldiaren aurreko egunetan jaso ahal izango du bere txapa, bere udalerriko batzordeak antolaturiko mahaian.
Bien bitartean, herri eragileek euren atxikimendua erakutsi diote hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketari. Kultur elkartea, guraso elkartea, instituzioa, enpresa edo sindikatua izan, eragile bakoitzak argi du funtsezko rola beteko duela Euskaraldiak arrakasta izan dezan. Besteak beste, Durangoko Pilota Eskolako kideek bat egin dute izen emateagaz: "Euskara gure elkartearen ardatzetariko bat da, eta, horregaitik, Euskaraldiaren moduko ekimenak babestea garrantzitsua da", esan du Txaber Zabala arduradunak.
Durangoko ikastetxeak ere ez dira atzean geratu. Azken asteotan, irudiak egiten ibili dira Euskaraldiari harrera egiteko, eta sorkuntzok udalerriko hainbat lekutan ipini dituzte. Horrez gainera, apirilaren 30ean ekitaldia egin zuten Ezkurdin, egitasmoari atxikimendua agertzeko. Batzorde eragileko kideek eskerrak eman zizkieten egiten dabiltzan lanagaitik. "Herriko eragile sozial aktibo eta garrantzitsuak zarete", esan zuten batzordeko kideek.
Lelo edo goiburu txapelketa
Euskaraldiaren atariko legez, Durangoko batzordeak joko txiki bat antolatu du: lelo edo goiburu txapelketa. Durangarrei dei egin diete Euskaraldirako eslogan edo mezu eder bat sortu eta batzordera bidaltzera. Herritarrek Whatsapp bidez bidali beharko dute mezua, 688 778 288 telefonora. Maiatzaren 12a izango da leloak bidaltzeko azken eguna. Irabazleak Euskaraldiaren kamiseta eta 80 euroko bonua eskuratuko ditu liburu denda batean gastatzeko.