Euskaraldia 2025

"Garrantzitsua da Euskaraldirako izena ematea eta txapa ipintzea"

Aritz Maldonado 2025ko mai. 9a, 09:30

Batzordeek asteak daramatzate Euskaraldia prestatzen herrietan; Durangoko hasiera ekitaldia 19:00etan egingo dute Ezkurdin. Batzordeko kideak dira Iruri Altzerreka, Jone Gutierrez eta Pello Zabarte.

Euskaraldia ate joka dagoen honetan, ariketa sozial erraldoia antolatzen dabiltzan herri batzordeak egitarauen azken xehetasunak lotzen dabiltza. Durangon, besteak beste, dozenaka lagunek txiki utzi zuten Durangoko Museoa Kike Amonarrizen berbaldia entzuteko. Iruri Altzerreka, Jone Gutierrez eta Pello Zabarte Durangoko Euskaraldiko batzordekideak dira; hirurek lehenengo aldia dute batzordean, eta gogotsu daude maiatzaren 15ean ekimenari hasiera emateko. "Aurretik lan dezente eginda, egun horietan egingo den ariketa ondo irtetea baino ez da falta", azaldu du Altzerrekak. Gutierrezen kasuan, Euskaraldian parte hartuko duen lehenengo aldia da. "Orain parte hartu dezakedala, barrutik ere zelan bizitzen zen ikusi gura nuen", esan du.

Gogotsu Euskaraldiaren edizio berrirako?
Jone Gutierrez: Lan mordoa egiten gabiltza; hainbat ekintza egin dugu,  azkeneko asteetan batez ere, eta gogo itzela dut, bai. Lan polita egin dugu eta gogotsu nago Euskaraldia heltzeko.
Pello Zabarte: Baita ni ere. Batzordearen ikuspegitik oso prozesu luzea da, baina azken aste eta egunetan gorpuzten da edo ikusten da lan horren eragina, batez ere. Beraz, gogotsu.
Iruri Altzerreka: Aspaldi hasi ginen batzen, eta azken asteetan intentsifikatu egin da kontua. Apirilean ekitaldi dezente eduki dugu eta datozen egunetan ere beste batzuk ditugu aurretik. Gogotsu, beraz, Euskaraldia hasteko. 

Orain artean Durangon egin diren ekitaldiak nahiko jendetsuak izan dira. Pozik?
P. Z.: Baietz esango nuke. Aurreko Euskaraldiekin ezin dut alderatu, baina Durangon ez ezik, beste leku batzuetan ere aurreko Euskaraldietan baino ekitaldi gehiago egin da, eta aurrerapen handiagoagaz. Horrez gainera, ekintzak eurak ere desberdinak izan dira beste Euskaraldi batzuekin alderatuta; leloak dioen moduan, Elkar mugituz egingo dugu, eta, hori dela eta, pertsona eta entitate gehiagogaz lan egin dugu. Izen ematea ahalik eta handiena izatea, paparretan ahalik eta txaparik gehien ikustea  eta  Euskaraldiko egunak ahalik eta ondoen irtetea baino ez da falta orain. 

Durangon 2.000 izen ematera heltzeko erronka bota du batzordeak. 
I. A.: Bai, sare sozialetan 2.000 izen ematera heltzeko erronka bota genuen, jendea apur bat xaxatzeko ere bai, polita iruditzen zaigulako zenbaki horretara ailegatzea. Beste edizio batzuetako datuak kontuan hartuta, orain batzordekideon lana jendea Euskaraldira erakartzea eta izena ematera animatzea ere bada.

Zelan bizi duzue Euskaraldia barrutik?
J. G.: Hasieran urruneko zeozer lez ikusten nuen; zer egin pentsatu behar da, eta lan hori antolatu. Behin hori eginda, hurrengo pausoa Euskaraldia bera bizitzea tokatzen da. Orain arteko lana asko gustatu zait, eta, gainera, nire lehenengo Euskaraldia denez oso modu intentsoan bizitzen nabil.
I. A. : Atzetik zenbat lan duen ikusi dut, kanpotik begiratuta beharbada kontuan hartuko ez nituzkeenak. Zenbat bilera, eta zenbat lan eta baliabide behar den tamaina honetako ekitaldi bat aurrera eramateko.
P.  Z.: Durangon batzorde polita osatu dugu, gainera. Hogei bat lagun elkartu gara asteotan, adin desberdinetakoak eta inguru desberdinetakoak, eta horrek ere edertu egiten du prozesua bera. 

Jone, zuretzat lehenengo Euskaraldia da, orokorrean. Gogotsu zaude?
J. G.: Ikastolan nenbilenean, Altxorbizi erronka genuen eta gogoan dut ea zergaitik ezin nuen Euskaraldian parte hartu galdetzen niola amari. Orain parte hartu dezaket eta barrutik zelan bizitzen den ere ikusi gura nuen. Parte hartzerakoan, benetan sentitu gura nuen erronka kolektibo hori, erronka pertsonaletik harago. Gogotsu eta ilusio handiz nago, eta nire inguruan ere sentsazio hori igartzen dut. Nire kuadrillako batek nire aurretik eman du izena, atera kontuak! (barrez). 

Azken mezu bat herritarrentzat? 
P. Z.: Garrantzitsua da, nire ustez, jendea izena ematera animatzea. Euskaraldi berri bakoitzak izen emate berri bat eta txapa berri bat dakartza. Hori gogorarazi behar diogu jendeari. Bestetik, ariketa kolektibizatze aldera, Euskaraldian parte hartzeko asmoa dutenek ingurukoak ere xaxatzea gustatuko litzaiguke, ahalik eta jenderik gehienak emateko bultzada Euskaraldirari eta partaidetza ahalik eta handiena izan dadin.  

Zornotzan Euskaraldirako prest

Euskaraldia hasi baino egun batzuk lehenago, Zornotzako batzordekoek ere deialdi berezia egin dute izena emateko eta txapak ipintzeko. "Herritarrek badute Euskaraldiaren berri, ez zaie arrotza egiten, baina garrantzitsua da izena ematea eta maiatzaren 15tik 25era bitartean txapa ipintzea", azaldu du Naia Odriozola batzordekideak. Aurreko urteetan etorritako jendeaz gainera, gazteak ere gogotsu ikusi ditu Euskaraldiaren laugarren edizio honetarako. "Udabarri dantza taldean ere errelebo aldaketa bat dute eta Euskaraldia baliatu gura izan dute euskara gazteen artean bultzatzeko, besteak beste", gehitu du. Heerritarrak hainbat esparrutan egiten dabiltzan jarduna azpimarratu du.

Udaberriagaz batera, Euskaraldia kalera Elorrion

Itsaso Basauri Elorrioko Euskaraldiko batzordekideak uste du Euskaraldia udaberrian egiteko aldaketa onerako izango dela. "Udaberrian eginda, Euskaraldia kalean izango da gehiago, eta horrek erakargarriago egingo du; aldaketa interesgarria dela uste dut", azaldu du. Elorrion ere, gainerako herrietan legez, Euskaraldiari ekiteko azken lanekin dabiltza, eta baita izena emateak eta Euskaraldiak irauten duen egunetan txapa ipintzeak duen garrantzia gogoratzen ere. "Bilera mordoa egin dugu orain arte, hainbat elkartegaz sozializatze aldera, eta orain kaleko lanagaz jarraituko dugu", azpimarratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!