Euskaraldia 2025

"Txapen erabilera urteko 365 egunetara zabaldu behar genuke"

Ekaitz Herrera 2025ko mai. 8a, 08:37

Durangoko AEKko ikasleek jatorri eta bizileku desberdinak dituzte, baina euskarak batzen ditu. Etxekoekin erabiltzeko, euskalkitik baturako saltoa emateko zein lan kontuetarako dabiltza euskaran trebatzen. ANBOTOk B2 mailako ikasleak bisitatu ditu. 

Martitzen goiza da. Euria ari du, zerua goibel dago eta oraindino Euskaraldia hasteko egun batzuk falta diren arren, Durangoko AEKn hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan murgilduta dabiltzala dirudi. Izan ere, AEKn urte osoan zehar da Euskaraldia. Belarriprest zein Ahobizi, izan irakasle zein ikasle, denek darabilte-eta euskara ahoan, urteko 365 egunetan. ANBOTOk ere halantxik harrapatu ditu B2 mailako ikasleak: ikasturte osoan bezain Belarriprest eta Ahobizi, edo, beste era batera esanda, ikasturte osoan zehar bezain buru-belarri. Atea kas-kas jotzeagaz batera egin diote harrera kazetariaren ezohiko bisitari, eta luze barik hasi dira batzen dituen horri buruz berbetan, euskarari buruz hain zuzen ere. 

Vanesa Seoane, Carlos Frias, Zigor Mendizabal, Josemari Juaristi, Marisa Cabrerizo, Itxaso Egidazu eta Lidia Galvan dira B2 mailako ikasleetariko batzuk. Ane Abanzabalegi irakaslea dute gidari. Ikasleetariko batzuk Durangaldekoak dira, kanpotik etorritakoak beste batzuk. Bilbotik, Madrildik, Kubatik. Bakoitzak arrazoi desberdina du euskara ikasteko. Marisa Cabrerizo, adibidez, madrildarra da sortzez, baina urte ugari darama Durangaldean bizitzen. Erretiroa hartuta dago, baina hizkuntza hobetzeko hautua egin du, bilobekin euskaraz berba egin ahal izateko. "Izan ere, nire inguruan dena egiten da euskaraz", esan du. Josemari Juaristiren kasua antzekoa da. Durangarra da, jubilatuta dago, eta euskalkia ondo egiten duen arren, euskara batuan trebatzea erabaki du. "AEKn ikasita eta egunerokoan telebista eta irratia euskaraz entzunda, errazago ikasten dut batua," argitu du. Zigor Mendizabal tolosarra da jatorriz, eta euskalki bi darabiltza bere egunerokotasunean: bere sorterrikoa bata, ikastolan ikasitakoa, eta gaur egun bizileku duen Berrizkoa bestea. Lantokian ere euskara darabilela esan du. Urteak dira Vanesa Seoane Bilbotik Durangora bizitzera etorri zela. "Hona etorritakoan mundu guztia euskaraz zebilela ikusi nuen. Horrek Bilbon neukan txipa aldatzea eskatu zidan, han ez da-eta hain ohikoa euskara entzutea. Txip aldaketa horri eskerrak, gaur egun berba gehiago egiten dut euskaraz", zehaztu du. Lidia Galvanek 20 urte ditu eta Abadiñokoa da. Anatomia patologikoa eta euskara ikasten dabil, fakultatean eta AEKn, hurrenez hurren.  

Argi dago jatorriak eta bideak desberdinak izan arren, hizkuntzak batzen dituela, eta Euskaraldiak batuko dituela. "Edizio guztietan parte hartu dut eta oraingo honetarako ere jada prest daukat txapa", azaldu du Marisa Cabrerizok. "Belarriprest izango naiz", zehaztu du. Josemari Juaristik ere parte hartuko du Euskaraldian, baina ariketa hamaika egunetakoa barik urte osora zabaltzea gura du. "Horixe uste dut nik", esan du, "ariketa urte osoan zehar egin beharko litzatekeela. Egunerokotasunean". Carlos Friasentzat "ospakizuna" da Euskaraldia, "hizkuntza indartzeko ospakizuna". "Lehenengo ediziotik hona beti parte hartu dut, eta ahal dudan guztietan nabil euskaraz. Zorteduna naiz, inguruko kide guztiak euskaldunak dira eta", nabarmendu du. Euskaraldian rol bat edo bestea jokatu, Vanesa Seoanek txapa soinean ikusgai egoteari egin dio azpimarra: "Txapa ipinita jendea ulerberagoa da zugaz. Euskaraz egiten dizute eta zuri laguntzen ahalegintzen dira. Enpatia sortzen da hor. Joera hori hamaika egunetan barik urte osoan zehar izan beharko genuke".

Ohiturak zelan aldatu
Tertulia aurrera doa apurka-apurka, harik eta egungo hizkuntza ohiturek eztabaidaren erdigunea hartu duten arte. Ikasleek kezka dute hizkuntza ohiturak direla eta. "Aurreko batean, bazkari batean, euskal hiztunak diren lau ilobak, lehengusuak laurak, erdaraz zebiltzan Whatsappez euren artean. Ezin nuen ulertu", azaldu du Friasek. Cabrerizok azpimarratu du norberak egin behar duela euskaraz egiteko hautua: "Euskaraz egin behar dugu, horixe delako gure hizkuntza. Euskaraz egitea dagokigu". Seoane ados dago esandako horiekin guztiekin, eta honako hau gaineratu du: "Horixe egin behar dugu hizkuntza desagertu ez dadin: erabili". 

Bistakoa denez, AEKko ikasleek eztabaida luzerako osagaiak plazaratu dituzte, hizkuntzagazko ardurak eta grinak barrenak mugitzen dizkien seinale, baina horiek beste baterako utzi behar, bisita ordua amaitu egin da eta. Eta ikasleak azterketa garaian sartuta daudenez gero, kazetariari ez zaio enbarazu gehiegirik egitea komeni. Azterketak gainditzeko zortea opatu eta gero, kanporantz zuzendu da, aterkia eskuetan. Baina atertu egin du kanpoan, ez dago egun goibelaren arrastorik. AEKko ikasleek ondotxo dakiten moduan, ostarteak zabaldu zaizkio zeruari, hizkuntzari bezainbeste. Biba!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!