Durangoko Euskaraldiko batzordeko kideak eta udalerriko ikastetxe guztietako kideak (Landako, Jesuitak, San Antonio, Zabalarra, Kurutziaga eta Nevers) Ezkurdin batu dira goiz honetan. Batzorde eragileko kideek eskerrak eman dizikiete ikastetxeei, eta, batez ere, haur eta gaztetxoei, Euskaraldiaren alde egiten ari diren lan guztiagatik. Era berean, asteotan egin dituzten horma-irudiak txalotu dituzte.
Ondoren, batzordeko kideek mezua irakurri diete ikastetxeko ordezkariei. Adierazi dutenez, Durangoko ikastetxeak "herriko eragile sozial aktibo eta garrantzitsuak dira". Hori dela eta, Euskaraldian inplikatzera deitu dituzte ikastetxeak eta herritarrak: "Euskaraldiak euskal hiztunon hizkuntza ohituretan eragitea du helburu, lehen hitza euskaraz egitea, eta aurreiritziekin apurtzea. Ahobizi eta belarriprest txapen bidez kaleetan ikusiko gaituzue. Alabaina, zein funtzio daukate 16 urtetik beherakoek? Hauek xaxatzaile rola izango dute", hau da, "gurasoak eta inguruko helduak, arretaz entzuteaz gainera, euskaraz egitera xaxatzeko rola". Alde horretatik, batzordeko kideek funtsezkotzat jo dute umeen aktibazioa.
Ekitaldia amaituta familia-argazkia egin dute.
Horma-irudiak kalean
Maiatzaren 5etik aurrera, ikasleen horma-irudiak Durangoko leku hauetan egongo dira ikusgai:
- San Agustinen
- Merkatuan
- Andragunean
- Durangoko Kirolak I kiroldegian
- Durango Kirolak II kiroldegian
- Bizenta Mogel Bibliotekan