Ehun mugimenduaren adierazpena barik, mozio alternatiboa onartu dute Durangon

Ekaitz Herrera 2025ko mar. 27a, 10:58

Ehun mugimenduak euskal errepublikaren aldeko adierazpenak eztabaidatzeko bidea hasi du Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 101 udal eta herriko etxetan. Durangon, atzoko osoko bilkuran eztabaidatu zuten mozioa. 

Ehun mugimenduak, euskal errepublikaren aldeko dinamikak, mozioa aurkeztu du Durangoko osoko bilkuran. Unai Apaolaza bozeramaileak eraman zuen adierazpena, atzo, ordezkarien aurrera, eta Durango euskal errepublikaren parte dela aldarrikatzera deitu zituen udalerriko 21 zinegotziak. Apaolazak azaldu zuenez, "Euskal Herrian bizi garen guztiok eskubide berak izan behar ditugu, eta eskubide horiek bete ahal izateko derrigorrezkoa da euskal errepublika bat; Espainian eta Frantzian eskubide horiek betetzea ezinezkoa da-eta". Alde horretatik, adierazpena onartzea "euskal errepublikara hurbiltzeko modua" izan daitekeela iritzi zion bozeramaileak: "Independentziarako nahia jaisten dabil, eta euskal errepublikanismoak, eskubideen aldeko mugimenduak, bide bat behar du; bide horrek honelako adierazpenak behar ditu derrigor", defendatu zuen Apaolazak. 

Ehuneko bozeramaileak hitz hartzea bukatutakoan, adierazpen alternatiboa aurkeztu zuen EAJko Julene Zamalloak. Testuan, "estatus berri baterako pausoak ematea guztiz funtsezkoa" dela adierazi zuen, eta bide hori "aldebikotasunean eta erabakitzeko eskubidean" oinarritu behar dela zehaztu. "Euskadi naziotzat aitortzea" eta "Euskal Herriaren eskubide historikoak erabat gauzatzea" proposatu zuen horretarako, besteak beste.

Ehun mugimenduaren mozioari bizkarra eman zioten EAJk, PSE-EEk eta PPk. EH Bildu eta Herriaren Eskubidea abstenitu egin ziren. EAJk aurkezturiko mozioan, aldiz, honako hau izan zen emaitza: adierazpenaren kontra egin zuten PSE-EEk eta PPk; abestenitu egin zen Herriaren Eskubidea, eta mozio alternatiboaren alde egin zuten EH Bilduk eta EAJk. Azken testu horrek egin zuen aurrera, horrenbestez. 

ESANAK:

Markel Larruskain (EH Bildu): "Helburua partekatzen dugun arren, uste dugu bidea ezin dela hutsean egin [Ehun mugimenduaren adierazpenari buruz]. Ezin dugu pertika jauzirik egin ezelako bide-orririk gabe. EH Bildun prozesu independentista garatzeko eta Euskal Herria beste eszenatoki batera eramateko bide-orria daukagu. Jendarteko askotariko antolakuntzetatik ongietorriak dira ekarpenak". 

Julene Zamalloa (EAJ): "Bat gatoz Euskadiren eta herritarren eskubideak defendatzearekin, baita gure nortasunaren defentsarekin ere. Aldiz, zuen ikuspegi eta estrategiak zeharo desberdinak dira: zuena, aldebakarrekoa eta erradikala; gurea, elkarrizketen, negoziaketen, akordioen eta aniztasunaren aldekoa. Guk denontzako gobernatzen dugu-eta, herritar guztiak kontuan hartuta".

Jesica Ruiz (PSE-EE): "Ezezkoa emango diegu adierazpen biei, beti egongo baikara euskaldunen arteko zatiketa eta konfrontazioa sortzen dituzten asmoen kontra. Mozioak aurkeztu dituztenek, euskal jendartearengandik deskonektatuta bizi direla erakutsi dute. Euskadiko azken inkesta demoskopikoak ikustea besterik ez dago".

Jorge Varela (Herriaren Eskubidea): "Herriaren Eskubidean beti defendatu dugu herritarrek politikan parte hartzeko duten eskubidea, are gehiago halako gai inportanteetan. Aurrerantzean ere halaxe jarraituko dugu, herritarrei beren erabakiak hartzeko bidea eragiten". 

Carlos Garcia (PP): "Ezezko erabatekoa emango diot adierazpen horri. Bizikidetza apurtzen du, Katalunian ikusi dugun moduan, eta euskaldunen % 13 baino ez dago ideia horrekin ados. Gainera, EAJren proposamenari erantzunda, proposamenak eskubide historiko bat urratzen du, euskaldunak Espainiaren zati izateko eskubidea, hain zuzen ere".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!