Euskaraldia 2025

"Euskaraldia potentzialitate handiko artefaktua da"

Anboto 2025ko mar. 25a, 10:00

Durangoko Euskaraldiak gonbidatuta, Kike Amonarriz soziolinguista euskaltzaleak euskararen erabilera zabaltzeko gakoak aztertuko ditu. Soziolinguista euskaltzale ezagunak Arte eta Historia museoan emango du berbaldia, hilaren 26an, 18:30ean.

Badator Euskaraldia eta zu zeu Durangon izango zaitugu euskararen erabilerari buruzko hausnarketak josten. 
Euskaraldia bera gaindituko duen Euskaraldia antolatzeko proposamena. Gutxi gorabehera, proposamen hori eramango dut Durangoko berbaldira. Eta zer esan nahi duen horrek? Ba, batetik, Euskaraldiko hamaika egun horiek ahalik eta eraginkorrenak eta jendetsuenak izan daitezen saiatu behar dugula. Bestetik, epe ertainerako ikuspegia landu behar dugula, hau da, Euskaraldiak sortuko duen energia soziala hurrengo hileetan eta urteetan egonkortzeko mekanismoei buruz hitz egingo dugu. Azkenik, zabaltze ikuspegia landuko dugu; Euskaraldia normalean iristea zailagoa den eremuetara eramateko tresnak aztertuko ditugu.  

Zelan ulertu behar dugu Euskaraldiak euskararen zabalkundean jokatzen duen garrantzia?
Horrelako egitasmoek garrantzi handia dute. Izan ere, euskara agenda informatiboaren, politikoaren eta sozialaren erdigunean sartzen dute, eta hori ez da beti erraza izaten. Kontuan hartu Euskaraldia dela Euskal Herri osoan garatzen den egitasmo bakarrenetakoa, Korrikarekin eta Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin batera. Mugimendu euskaltzalea indartzen eta zabaltzen du, eta egitasmoak ateak zabaltzen dizkie euskaratik urrutiago daudenei. Baina, batez ere, hausnarketa sozial erraldoia da Euskaraldiak planteatzen duena, euskararen biziberritzerako giltzarria den faktore bat lantzen duelako: erabilera. Norbanakoak, entitateak eta erakunde publikoak interpelatzen ditu, eta gaur egun egiten dugun baino gehiago egin dezakegula agerian utzi. 

Durangoko euskararen erabilerari buruzko azken datuak 2017koak dira. Urte hartan, euskararen kale erabilera % 22,7koa zen. 
Interesgarria litzateke datu hori berritzea. Esango nuke erabileraren inguruko datu gaurkotuak izatea ezinbestekoa dela egoeraren eta etorkizunaren analisi errealistak egiteko. Pertzepzioek traizionatu egingo gaituzte-eta bestela. Edozelan ere, % 20 hori abiapuntu sendoa da, jendea euskaraz egiteko prest dagoela diosku, eta non aurreratu ere badugula adierazten du. Euskaraldiak potentzial horiek guztiak aktibatu nahi ditu, hain zuzen ere. Bilkura baten argazkia ikusgai egitea edo ekitaldiren batena aztertzea erraza da, baina bi pertsonen arteko hizkuntza-ohitura aldaketa ikusgai egitea ez da hain erraza. Hori sentitu egin behar da, eta interpelazio hori da behar duguna. Ahalegina egin behar dugu Euskaraldiko txapak ahalik eta gehien ikusarazten. Izan ere, txapen ugaritasunak euskara sustatzearen alde jende asko dagoela irudikatzen du. Gainera, euskara erabiltzeko aukerak uste baino gehiago direla ere adierazten dute. Horrenbestez, txapen ugaritasun masiboa behar dugu.

Hizkuntza ohiturak eraldatzeko borroka konstantean gabiltza. Zergaitik kostatzen zaigu hainbeste ohiturak aldatzea?
Inertziak aldatzea ez delako erraza izaten. Euskaraldia bera planteatu zutenek, tailerrak dinamizatu zituztenek, askotan aipatu izan dute honelakoak behar direla ohitura bat aldatzeko: baldintzak sortzea, kontzientzia, denbora, egoera berrira ohitzea... Euskaraldiak, hain zuzen ere, baldintza horiek betetzeko oinarriak jarri nahi ditu. Zenbat eta txapa gehiago erabili, orduan eta errazagoa egingo zaio bidea euskarara hurbildu nahi duenari. Eta erdaraz natural aritzetik euskaraz natural egitera pasatu gura duenak prozesua egin beharko du. Egoera ezohikoak sortuko zaizkio beharbada, baina horiek guztiak igaro behar dira. Edozelan ere, argi izan behar dugu Euskaraldia ez dela euskararen gaitz guztien sendabidea. Alabaina, bultzada handia ekar diezaioke. Potentzialitate handia duen artefaktua da, eta ezinbestekoa zaigu horretaz baliatzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!