"Aldarri independentista erdigunean ipini gura dugu"

Aritz Maldonado 2025ko ots. 28a, 10:30

Andu Arrieta eta Maddi Aurtenetxe.

Ernai antolakundea Independentziara Egunak egiten dabil Euskal Herrian zehar; 75 herri baino gehiagotan egingo dituzte; gaur, otsailak 28, Durangon egingo dute, eta martxoaren 22an Elorrion; Zornotzan eta Zaldibarren egin dituzte jada. 

Ernai gazte antolakundea Independentziara Egunak antolatzen dabil 75 herri baino gehiagotan. Andu Arrieta eta Maddi Aurtenetxe Ernaiko kideak dira.

Zelan joan dira orain artean egindako Independentziara Egunak?
Maddi Aurtenetxe: Zornotzako eta Zaldibarko Independentziara Egunak oso egokitzat jo ditugu, gazte mordoa batu ginelako. 
Andu Arrieta: Aukera ona dira herrietako gazte independentistak batzeko, baita aldarri independentista erdigunean ipintzeko ere. Zapalkuntzarik bako Euskal Herriaren alde gauden gazteon arteko saretze bat egotea ere bada gure asmoa. 
M. A.: Ikusten dugu gazteen artean badagoela interes bat independentziari buruz informatzeko, eta gero etorri daitekeenari buruz gogoeta egin gura dugu. 

Ernai osasuntsu dago?
M. A.: Durangaldean indar handia dugula esango genuke, eta geroago eta gazte gehiagorengana ailegatzen garela. Geroago eta gazte gehiagok partekatzen dituzte gure ideiak, eta prest daude gure komunitateko kide izateko. 
A. A.: Zornotzako Independentziara Egunean jende asko batu zen, eta Ernaik babes bat duela erakutsi zen bertan.

Ernaik 'Gazteon eskutik, independentziara!' antolatu du  Berriozarren, apirilaren 17tik 20rako.
A. A.: Topagunea Euskal Herriko hainbat jende batzeko unea da, eta indar erakustaldia egiteko ere bai. Berbaldiak egongo dira, ekitaldiak, eta musika ere bai. 
M. A.: Independentziara Egunen dinamika topagunea aurkezteko aprobetxatzen ere bagabiltza, gazteak Berriozarrera joatera animatzeko.

EGITARAUA

DURANGOTIK INDEPENDENTZIARA!

  • 17:00etan, hitzaldia, Intxaurren. 
  • 18:00etan, Topaguneko aurkezpena.
  • 19:00etan, luntxa.
  • 20:00etan, Sareren mobilizazioa. 
  • 21:00etan, kontzertuak: Errota erromeria, Txopet eta Totozer MJ.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!