Mireia Elkoroiribek eta EAJko legebiltzarkideek beren esperientziak partekatu dituzte jeltzaleen militantziarekin

Anboto 2025ko ots. 11a, 15:53

Joseba Díez Antxustegi, Maitane Ipiñazar eta Aitor Ferreño legebiltzarkideak Durangoko batzokian izan ziren zapatuan, Mireia Elkoroiribe alkatearekin eta hurreratutako militante jeltzaleekin, beren ikuspegi politikoa eta ibilbidea partekatzen.

Jardunaldia "giro hurbil" eta parte hartzailearekin egin zutela, eta ekitaldian 30 pertsona baino gehiago batu zirela azaldu du alderdi jeltzaleak. Besteak beste, honako gai hauek aletu zituzten hitz hartzeetan: gazteriaren arazoak, hezkuntza-gaiak, etxebizitza, herritarrekiko komunikazio eraginkor eta zuzena, eta sare sozialak. Azken hori dela eta, "alderdi batzuek adierazpen-askatasuna eskatzen dutela, baina, aldi berean, haientzat atsegina ez den edozein sinbologia baztertzen" dutela azpimarratu zuten. 

Bittor Etxeguren Durangoko lehendakariak adierazi duenez, "ekitaldi hurbila eta aberasgarria izan zen" zapatukoa, "esperientzia eta gazteen ikuspegia batu" zituena. "Adineko pertsonek gazteen iritzia entzun ahal izan zuten, eta haiek ere kezka eta etorkizuneko ikuspegia dutela ikusi zuten", adierazi du Etxegurenek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!