Hirukoa galaren edizio berria bariku honetan jokatuko da

Ekaitz Herrera 2025ko ots. 5a, 10:33

Galdera-erantzunei eta probei hirukoteka aurre egiteko lehia 19:30ean hasiko da Plateruena Kultur Aterpean.

Bariku iluntze honetan plan saltseroa egin gura duenak aukera apropos-aproposa dauka: 19:30etatik aurrera, Plateruena Kultur Aterpeak Hirukoa galaren edizio berri bat hartuko du, seigarrena. Lehiakideek, hirukoteka antolatuta, telebistako lehiaketen pare jardun beharko dute askotariko galderak eta probak erantzuten. Jakintzari eta ezagutzari loturiko gaiei aurre egin beharko diete, baita abilezia eta talde-lana eskatzen duten probei ere. Gatzik eta piperrik ez da faltako, ezta sari eder bat ere. 

Berbarok bere web atarian ipini du lehiaketan izena emateko inprimakia. 20 taldek aritu ahalko dute gehienez. Durangarrak eta eskualdeko herritarrak deitu dituzte parte hartzera zein lehiaketa Plateruenean bertan jarraitzera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!