Eusko Jaurlaritzak Mugikortasun Jasangarriko Planaren proiektuari hasierako onarpena eman zion atzo. Proiektu horrek jasotzen dituen puntuetako batek zeresana eman du. Izan ere, 25.0000 biztanletik gorako herrietan Emisio Gutxiko Eremuak ezartzea aurreikusten dute. Beraz, Durangaldean irizpide horrek Durangori eragingo lioke. Neurri hau sorpresaz hartu dute Durangoko Udalean. "Neurria atzo argiratu zen eta sakon aztertu behar dugun gaia da", azaldu dute udal iturriek.
Neurri honek Bizkaiko beste herri batzuei ere eragingo die: Santurtzi, Portugalete, Basauri, Leioa, Sestao eta Galdakao.
Mireia Elkoroiribe alkateak orain arte martxan jarritako neurriak gogoratu ditu. "Durangon urteak daramatzagu mogikortasun jasangarriaren alde lanean eta oinezkoei lehentasuna ematen. 2005az geroztik, Alde Zaharrean lehentasunezko oinezkoentzako gune bat dugu, eta, bertan, autoen sarrera mugatuta dago". 2008an udalak Zumalakarregi kalean ibilgailuen sarbidea mugatu zuen asteburuetan. Eta 2019an neurri hori San Agustinalden ere ezarri zuen.
Hurrengo pausoa
Orain, Antso Estegiz kalea erabarritzen ari da udala. Lehenengo fasea amaituta dago, eta bigarren eta azken fasea lizitatzear daude. "Eraldaketa horri esker, oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna sustatzen jarraitu ahal izango dugu, eta gure asmoa da ibilgailuen sarbidea mugatzea asteburuetan, pertsonei protagonismo handiagoa emateko", azaldu du alkateak.