Durangoko ikastetxeek, udalarekin elkarlanean, norabide komun bat ezarri dute batera arraun egiteko. Ikasleen ongizatean egingo dute azpimarra, eta tratu ona sustatuko dute horretarako, baita osasun fisiko eta emozionala ere. Hori guztia dela eta, ziberjazarpenaren prebentzioan ipiniko dute arreta. Era berean, udal iturriek jakinarazi dutenez, ikastetxeak oinarri komun bat lantzen dabiltza zentroetan mugikorren erabilera arautzeko. Aipaturikoez gainera, bizikidetzan eta kidetza sentimenduan ere eragingo dute: ikasleen arteko integrazioa sustatze aldera, udalaren harrera-plana berrikusteko eta bateratzeko egingo dute lan. Bestalde, osasuna zaintzea, hezkuntza hobetzea eta ikasleak euskaran zein euskal kulturan integratzea ere hartu dute helburutzat.
Durangoko Udalak eta udalerriko ikastetxeek 2021-2022 ikasturtean sortu zuten Eskola Kontseilua. Antolakundean udalerriko ikastetxeetako ordezkariak, gurasoen elkarteetako kideak eta udal ordezkari politikoak daude. Hilero batu ohi dira alde guztiak, talde-lana sustatu eta udalerriko hezkuntza-errealitateari buruzko diagnostiko partekatua egiteko. Udal Eskola Kontseiluko kide guztiek agertu dute antolakunde horretan jarraitzeko konpromisoa.