Durangoko udaletxeko batzar aretoa "azken belaunaldiko teknologiagaz" hornitu dute, "funtzionamendu eta irisgarritasun hobea bermatzeko". Horrela eman dute jakitera udal arduradunek. Udal-sistemak digitalizatzeko eta eguneratzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Herriak Egiten programak finantzatutako lanak dira. Programa horrek 1,3 milioi euroko aurrekontua du.
Bideoa eta audioa konbinatzen dituen bideo-akta sistema aurreratua jarri dute, osoko bilkurak automatikoki erregistratzeko. Era berean, kanal anitzeko aldibereko itzulpen-sistema jarri dute udaletxeko batzar aretoan, "interbentzioak hainbat hizkuntzatan modu bereiztuan grabatzeko aukera" ematen duen sistema, udal ordezkariek azaldu dutenez. Bestalde, mikrofonia automatizatua eta multimedia-gaitasun aurreratuak egokitu dituzte, formatu handiko pantailak eta bideokonferentzia-sistemak instalatuz.
Aretoa "berritzea" udalak bultzatutako modernizazio teknologikorako plan globalaren barruan dago. Plan horren helburua da "prozesu administratiboak eta herritarrei eskainitako zerbitzuak eraldatzea".
Antso Estegiz
Antso Estegiz kalearen berrurbanizazioaren lehen fasea, zati batean, finantzatzen lagunduko du aldundiak bultzatutako modernizazio teknologikorako programak. "Proiektuak espazio erosoagoa, seguruagoa, jasangarriagoa eta irisgarriagoa diseinatzearen alde egiten du", udal arduradunek berbetan. Guztira 703.252 euroko inbertsioa eskatuko du. Bigarren fasea datozen hilabeteetan hasiko da.