Zelan bizi izan zenuten sorrerako sasoia?
Ana Vidal: Ez zen erraza izan, batez ere lehenengo urteetan. Oso proiektu potoloa izan zen. Hainbat ikastola inplikatu zen, baina egunerokotasunari aurre egin behar zitzaion. Batez ere, zailtasun ekonomikoak gogoratzen ditut. Baina azpimarratuko nuke oso lantalde gaztea zela eta denok sinesten genuela proiektuan.
Iratxe, lehenengo promozioko ikasle lez, zein oroitzapen duzu?
I.B.: Oso proiektu ezezaguna zen. Hasi aurreko hileak ziurgabetasun handiagaz bizi izan genituen. Batez ere, ez genekien eraikina eginda egongo zen ala ez. Baina oso talde polita izan zen, oso berezia. Squas gela batean ematen genituen eskolak. Dena egiteko dagoenean sortzen den ilusio hori genuen.
25 urtean zein bilakaera igarri duzue?
I.B.: Jendarte eta ikasle profila aldatu egin da eta egoera horretara moldatu behar izan dugu. Hala ere, lehengo eta oraingo filosofia berdina dela esango nuke, baina egiteko moduak aldatu direla. Ezin gara egon orain dela 25 urteko eran lan egiten. Izan ere, berrikuntza beti izan da Ibaizabalen ezaugarrietariko bat.
Orain, zeintzuk dira erronkak?
A.V.: Daukagunari eustea, gure ezaugarriak mantenduz: zentro anitza, euskaltzalea eta eragilea izatea. Bestalde, eraikin berria eraikitzen gabiltza eta datorren ikasturterako prest izatea espero dugu.