Datozen lau urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoa onartu du Durangoko Udalak, eta horren barruan, 2,6 milioi euro banatuko dituzte 2025ean. Sei helburu estrategikoren inguruan egituratzen da dirulaguntza plana, eta igoera "esanguratsuak" izan dira gizarte-inklusioan, kultur arloan eta kiroletan. Laguntza-ildo berriak txertatu direla gaineratu dute udal arduradunek.
Udalak 54 elkarterekin dituen hitzarmenen bidez 1.251.175 euro banatuko dira. Deialdietarako 1.338.707 euro lotu dituzte —berdintasuna bultzatzeko laguntza berriak barne— eta 10.900 euro lehiaketetarako —Julene Azpeitia eta Booktrailer lehiaketak edo sanfaustoetako kartel aukera—.
Euskararen sustapena eta normalizazioa bultzatzeko 122.000 euroko dirulaguntza mantendu da, eta, gizarte-inklusioa eta kolektibo kaltebereei laguntzeko 709.900 euro (57.500 euro gehiago) bideratu dira. Desgaitasuna duten 6-18 urte bitarteko adingabeentzako laguntza berriak (20.000 euro) txertatu dira, eta berdintasunerako dirulaguntzen deialdi espezifikoak sortu dira, udal arduradunek azaldu dutenez. Era berean, Zabalarrako Guraso Elkartearekin hitzarmena landu da, eta psikobonoetako eta gizarte-ekintzako jardueretarako laguntzak gehitu dira.
Kultura eta kirola
Kultura, aisia eta jai jardueretarako 342.300 euro egongo dira 2025an (2.200 euro gehiago). Horren barruan daude, San Fausto Gizarte Etxearekin hitzarmena (1.000 euro gehitu da), txosnetarako laguntzak (4.000 euro gehiago), eta, haur eta gazteentzako jardueretarako dirua (5.000 euro gehiago).
Kirola sustatzeko 375.500 euro (26.000 euro gehiago). Kirol jarduerak gehitu dira, eta horretarako diru poltsa 35.000 eurotik 53.000 eurora igo da. Kirol fitxetarako dirulaguntzak ere 35.000 eurotik 40.000 eurora igo dira; eta Alpino, Rugby, Tabirako, Cultural, Ezkurdi eta Durangaldeko Txirrindulari Elkartea bezalako klub eta elkarteentzako dirulaguntzak ere gehitu dira.
Hezkuntza arloan, Julen Azpeitia doan denez, haurtzaindegietarako laguntzak gutxitu dira, baina hitzarmen berria adostu du udalak Oinherri Hezitzailea ekimenagaz.
Bestalde, ekonomia eta lan garapena sustatzera bideratutako dirulaguntza 1.411.786 eurotik 868.707 eurora murriztu da. Udal arduradunek azaldu dutenez, "Aramotz Berritu proiektuari lotutako laguntzak amaitu direlako gutxitu da diru poltsa hori. Hala ere, enplegurako eta ekintzaileentzako laguntzak handitu egin direla zehaztu dute, "garapen ekonomiko iraunkorrari lehentasuna emanez".