Nazioarteko kooperazioa baliatuz Guatemalan garatutako hainbat proiektu erakusten dituen erakusketa inauguratu du Durangoko Udalak, Medicus Mundi Bizkaiagaz lankidetzan. Elkartasun globaleko tresna moduan nazioarteko kooperazioak duen garrantzia nabarmendu gura du erakusketak.
Durangotik Hegoaldera lehiaketa irabazi ondoren, Guatemalara bidaiatu zuten Durangoko lau gaztek sortu duten erakusketa QR kodeen bidez eskura daitezkeen irudiak, testigantzak eta multimedia-edukiak konbinatzen dituzten zazpi panel interaktibok osatzen dute. Bertaratzen direnek gazte horien esperientzietan eta Durangoko Udalak Guatemalan kofinantzatutako proiektuetan sakontzeko aukera izango dute. Urtarrilaren 12ra bitartean egongo da erakusketa ikusgai, Landako Gunearen kanpoaldean eta Ibazaibal parkean.
Durangok, Medicus Mundi Bizkaiaren bitartez, Guatemalan Aliantza zentroak egindako lana sostengatzen du ekonomikoki: sexu-indarkeriatik eta pertsonen salerosketatik bizirik atera diren haur eta nerabeei arreta integrala ematen die, haien eskubideak berreskuratu ditzaten. "Udalaren laguntza ekonomikoari esker, Aliantzak estrategia komunitario bat garatu dezake gizarte-eraldaketaren ikuspegitik, komunitateetan laguntza-taldeak eta -sareak eratuz. Sareek sentsibilizazio-lanak egiten dituzte, kasuak identifikatzen dituzte eta funtsezkoak dira familia-mailako eta banakako prozesuetan laguntzeko", udal ordezkariek azaldu dutenez.
Medicus Mundi Bizkaiak osasunerako eskubidea bermatu dadin lan egiten du 1966tik, Afrikan, Latinoamerikan eta EAEn, "komunitate ahulenei eragiten dieten egiturazko desberdintasunak eraldatzen
lagunduz".