Durangon erosteagatik, izotz pistarako sarrerak eta zuzeneko sariak banatuko dira

Anboto 2024ko abe. 17a, 12:57

Dendak Bai elkarteak Gabonetako kanpaina berria jarri du martxan, erosketak Durangon egitea saritzeko helburuagaz. Izotz pistarako sarrerak banatuko dituzte, abenduaren 20an. Gainera, abenduaren 23an eta 26an, sarien erruleta jarriko dute Andra Mariko elizpean.

Dendak Bai elkarteak Gabonetako kanpaina berria ipini du martxan, erosketak Durangon egiten dituzten herritarrak saritzeko helburuagaz. Batetik, izotz pistarako sarrerak banatuko dituzte abenduaren 20an. Bestetik, Andra Mariko elizpean sari-erruleta jarriko dute, abenduaren 23an eta 26an.

Kanpainara atxikitutako establezimenduetan emandako erosketa tiketak aurkeztuta lortu daitezke Durangoko izotz pistarako sarrerak Dendak Bai elkarteak Askatasun Etorbidean duen bulegoan. Abenduaren 20an banatuko dira, 09:00etatik 15:00etara, izakinak agortu arte. Abenduaren 9tik 20ra bitarteko erosketa tiketak aurkeztu behar dira. Gehienez, hiru sarrera lortu daitezke, 60 eurotik gorako erosketa tiket baten truke; 40 eta 60 euro arteko erosketa tiket batekin bi sarrera emango dira, eta, 20 euroko tiketarekin sarrera bat.

Sari-erruleta

Abenduaren 23an eta 26an, Andra Mari elizpean jarriko den sari-erruletan ere egongo da aukera izotz pistarako sarrera lortzeko. Zuzeneko hainbat sari irabazi daitezke gutxienez 10 euroko erosketa tiketa aurkeztuta. Besteak beste, Durango Oparitu opari-txartelak (20, 50 eta 100 eurokoak), telazko poltsak eta tupperrak lortu daitezke. Aroa Blnacok, Maite Lopezek eta Markel Ganboak dinamizatuko dituzte saioak.

Bestalde, Dendak Bai elkarteak gogoratu du Durangoko erakusleihoen lehiaketa martxan dela. Aurten 35 establezimenduk parte hartu dute, eta publikoak erakuslehio gogokoenaren aldeko botoa eman dezake hemen. Bizkaiadendak elkarteak antolatutako lehiaketan ere Durango eta Iurretako 32 establezimenduk parte hartu dute, eta bozketa zabalik dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!