Durangoko Madalena ermitaren kontserbazioa, segurtasuna eta funtzionaltasuna bermatzeko udalak hasitako lanak aurrera doaz. Ohar batean jakinarazi dutenez, "Dagoeneko esku-hartze garrantzitsuak egin dira eta beste batzuk etorkizunerako aurreikusita daude. Lan horiek guztiek komunitatearentzat garrantzitsua den ondare hori hobetzea dute helburu".
Madalen ermitaren estalki nagusiak hainbat lan egin ziren iaz. Udal arduradunek gogoratu dutenez, "teilatu-hegaleko fronte guztiak ordeztu ziren, usteltze-zantzuak baitzituzten eta taulak erortzeko arriskua baitzegoen. Zeregin honetarako sukupira-egurra erabili da, material erresistenteagoa eta egokiagoa etorkizunean egiturazko arazoak saihesteko". Orain, beste hainbat lan egitea aurreikusi du udalak. Bai fatxadan eta estalkian, bai sakristian eta arkupean. Suteen aurkako segurtasuna ere bermatu gura dituzte, eta hainbat hobekuntza elektriko egin. Lan horietarako 48.000 euro lotu ditu udalak.
Etorkizunera begira, altzarien ordez mahai tolesgarriak eta aulki pilagarriak jarri gura dituztela iragarri dute, "ekitaldiak eta jarduerak antolatzea errazteko". Programatutako berogailu elektrikoak eta sarraila elektroniko bat ere instalatuko direla gaineratu dute udal arduradunek, "eraikinaren segurtasuna eta erosotasuna optimizatzeko".