Durangoko hirigune historikoan zuntz optikoa sartzeko lanak hasi dira

Anboto 2024ko abe. 14a, 10:38

Durangoko Udalak 48.264 euroko aurrekontua du lanotarako. Bi hilabete inguru beharko dituzte amaitzeko.

Durangoko hirigune historikoan zuntz optikoa zabaltzeko lanak hasi ditu aste hontan. Lan horiekin udalak ondare-balio bereziko eremu horretako etxe guztietan konektibitatea bermatu gura du. Bi hilabete inguru beharko dituzte 48.264 euroko inbertsioa eskatuko duten lanak amaitzeko.

Udalak Euskaltel, Eguzki Telecom eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lan egin du azken urteetan, "operadoreen hedapen-planak onartzea ahalbidetuko duten baldintzak identifikatzeko", udal arduradunek azaldu dutenez. "Hirigune Historikoaren kasuan, Monumentu Multzo gisa babestuta, zuntz optikoa hedatzeko berariazko baimena behar da, eta haren irizpideak joan den udan onartu zituen Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuak", zehaztu dutenez. Irizpide horiek bete daitezen errazteko eta zerbitzua etxe guztietara iristen dela bermatzeko, udalak "beharrezkoak diren azpiegitura-obrak" egingo dituela adierazi dute. Andra Mari, Goienkale, Kanpatorrosteta, Barrenkalea, Santa Ana plaza, Santanoste, Kalebarria eta San Martinpe atarian eragingo dute lanek. "Obra zibil hori edozein operadorek erabili ahal izango du zuntz optikoaren sarea hedatzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!