Enplegua sortzeko eta tokiko enpresei laguntzeko diru-laguntza deialdia egin dute Durangon

Anboto 2024ko abe. 16a, 10:00

Lanbidek enplegua sustatzeko finantzatutako tokiko ekintzen esparruan egindako deialdia da. Durangoko Udalak 215.611 euro bideratuko ditu diru-laguntza horietara.

Durangoko Udalak langileen kontratazioa bultzatzeko, enplegua sortzeko eta tokiko enpresei laguntzeko dirulaguntza deialdi berria egin du. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegua sustatzeko finantzatutako tokiko ekintzen esparruan egindako deialdia da, eta Lanbiden izena emanda dauden langabetuei lana lortzeko aukera ematea du helburu. Udalak 215.611 euro bideratuko ditu horretara.

Durangon jarduera eta egoitza duten enpresei zuzendutako laguntzako dira, eta kontratu mugagabeen edo iraupen jakineko kontratuen bidez enplegu-sorrera garbia sustatu gura dute, gutxienez hiru hilabeteko iraupenarekin eta % 50eko lanaldiarekin. Hala azaldu dute udal arduradunek. "Lehentasuna emango zaie kolektibo kalteberetako pertsonei; hala nola, 35 urtetik beherako gazteei, 55 urtetik gora dituztenei, iraupen luzeko langabeei eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) onuradunei. Gainera, genero-berdintasuna sustatuko da, emakumeen kontratazioetan % 10eko laguntza gehituta", zehaztu dutenez. 

Aurreko edizioan, tokiko lau enpresek jaso zuten diru-laguntza; guztira, 36.700 euro. "Neurri horrek Durangoko enpresa- eta gizarte-sarean eragin positiboa" erakutsi dutela diote udal arduradunek.

Herritarren Arretarako Zerbitzuan, udalaren egoitza elektronikoan (dirulaguntzen atala) edo araudian aurreikusitako puntuen bidez formalizatu daitezke eskabideak. Otsailaren 27ra arte dago horretarako aukera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!