Gabon egunei begira antolatutako egitaraua aurkeztu dute Durangon. "Durangarrengan pentsatuz diseinatutako eskaintza da, askotariko adin eta gustuetara egokitua", Jesica Ruiz alkateordeak nabarmendu duenez. 24 ekitaldik betetzen dute aurtengo egitaraua, hainbat kultur elkarteren "lankidetzari eta ahaleginari esker" osatua.
Herriko taldeek eskainitako kontzertuagaz hasiko dira Gabonetarako ekintzak. Alerta, Reder eta Hamaika ikustekoak jaio gara musika taldeek emango dute kontzertua, Plateruena kultur aterpean, abenduaren 20an, 21:00etan. Horrez gain, lehenengoz, Kanpaikada Txikiak egingo dituzte. San Fausto auzoan izango da, abenduaren 31an, 12:00etan. Durango eta Montevideo arteko senidatzagaz lotuta ihes-jokoa egiteko aukera egongo da online zein aurrez aurre, abenduaren 20tik aurrera. Horrexek dira nobedadeak, aurten.
Izotz pista eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Urtez urte, milaka bisitari izaten dituen izotz pistak abenduaren 21ean zabalduko ditu ateak. Eta, aurten ere ez dute hutsik egingo Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Abenduaren 26an saio bi eskainiko dituzte. Jolas Egunak prestatuko dituzte, Tabira, San Fausto eta Murueta Torre auzoetan, eta, Gabonetako mokadu bereziak dastatzeko aukera izango dute SukAldatu ekintza gastronomikoan parte hartzen dutenek. Gainera, aurten ere, Luis Ibañezek egindako Jaiotzen Ibilbidea egiteko aukera izango dute durangarrek zein bisitariek.
Artisau azoka antolatu du Eixu elkarteak abenduaren 22 eta 23rako, Andra Marin. Gainera, askotariko musika emanaldiak egongo dira datozen egunetan. Musika Bandak eta Jaizale Txistulari Elkarteak, bestek beste, kontzertua eskainiko dute. Iñurri skaut taldeak jaialdi berezia prestatu du abenduaren 21erako; baita Madalenako Auzo Alai elkarteak ere. Dendak Bai merkataritza eta ostaladritza elkarteak ere prestatu ditu ekintza bereziak.
Olentzero eta Mari Domingiri harrera
Abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi hurbilduko dira Durangora. Herriko kaleetan zehar kalejira egingo dute, herriko hainbat elkarteren laguntzarekin. Urtarrilaren 5ean, bestalde, Errege Magoen Kabalkadaren txanda izango da.
Durangoko Udalak eta herriko hainbat elkartek prestatutako ekitaldietan parte hartzera deitu dute.