'Ibiltari' martxa solidarioak hirugarren aldia egingo du datorren domekan, abenduaren 15ean. Durangoko San Jose Jesuitak ikastetxeak eta Alboan gobernuz kanpoko erakundeak bultzatutako ekimen solidarioagaz, Valentziako hondamendian eta Libanoko bonbardaketetan kaltetutakoei lagundu gura diote oraingo edizio honetan.
Martxa Ezkurdi plazan hasiko da, 11:00etan. Ibilbideak zazpi kilometro ditu eta aurreko urteetako berdina da. San Andres auzora igo eta Larrinagatxutik jaitsiko dira berriro Ezkurdin amaitzeko. Edonork egiteko moduko ibilbidea dela nabarmendu du Alaia Berganzak, San Jose Jesuitak ikastetxeko Kulturartekotasun arduradunak. Hala ere, elkartzeko hitzordua 10:30ean jarri dute. Dortsalak banatu eta dinamizatzaile batekin beroketak egiteko aukera egongo da.
Izen-ematea
Izen-ematea ibiltari.alboan.org webgunean egin daiteke, 10 euroren truke; 12 urtetik beherakoentzat 5 euro da. Dortsalak egunean bertan banatuko dituzte, Ezkurdin jarriko duten karpan. Dena den, izen-ematea egunean bertan ere egin daiteke. Antolatzaileek gogoratu dute, martxan parte hartu barik ere egin daitekeela diru ekarpena, webguneko '0 dortsala' aukeraren gainean klikatuz.
Aurten bi dortsal egongo dira: 339 eta 56. Iaz izan ziren hondamendi naturalen kopurua da lehenengoa, eta, bigarrena, gaur egun munduan aktibo dauden gatazka armatu kopurua. Halaxe argitu du Leire Morguecho Alboan erakundeko nazioarteko lankidetzarako ordezkariak. Morguechok azaldu duenez, martxa solidarioan batuko den dirua, Valentziako hondamendian eta Libanoko bonbardaketetan kaltetutakoei laguntzera bideratuko da, eta horretarako tokiko erakundeekin lan egiten du Alboan-ek.
Alfredo Sarriugarte San Jose Jesuitak ikastetxeko zuzendariak parte hartzera deitu ditu durangarrak eta inguruko herrietakoak. Nabarmendu du ekintza solidario bat dela, elkartasuna adierazteko eta premia dutenei laguntzeko. Gaineratu giro polita sortzen dela.