Durangok oroitzapenezko ekitaldi batekin ospatuko du Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna

Anboto 2024ko abe. 9a, 17:00

Abenduaren 12an, San Agustin kulturgunean egingo duten ekitaldian aitortza berezia
egingo zaie tokiko komunitate-asoziatiboan "eragin nabarmena" izan duten ekimenei.

Durangoko Udalak oroitzapenezko ekitaldia antolatu du Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Abenduaren 12an izango da, San Agustin kulturgunean. "Durangon gizarte inklusiboagoa eta solidarioagoa eraikitzeko, euren denbora eta ahalegina eskaintzen duten boluntarioak" omenduko dituzte, udal ordezkariek azaldu dutenez. Aitortza berezia egingo zaie tokiko komunitate-asoziatiboan "eragin nabarmena" izan duten ekimenei, gaineratu dutenez.

Ekitaldia 20:00etan hasiko da eta edukiera mugatua egongo da. Hartara, 2025eko egutegia egiten parte hartu duten elkarte eta erakunde guztien artean banatu dira gonbidapenak.

Udalak herritarren elkartasun- eta partaidetza-balioekin duen konpromisoa berretsi gura du, eta "boluntariotzak gizarte-aldaketaren eragile gisa duen garrantzia azpimarratu" du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!